Bilboko Udalak 550.000 euro bideratuko ditu Abusuko kiroldegia berritzeko
Bilboko Udalak hainbat hobekuntza egingo ditu Abusuko kiroldegian. Horretarako, 550.000 euro baino gehiagoko aurrekontua bideratuko du, Bilbao Kirolak erakundearen bitartez. Egingo diren berrikuntzen artean nabarmengarria da estalki iragazgaitzaren kokapena. Estalki honek malda txikia du.
Estalkia konpontzeko lanekin batera, kirol-kantxa eta fitness-gela berriro margotu dira; azken horretan, gainera, azalera osoko sabai faltsua aldatu egin behar izan dute.
Estalkia jartzeko lanen osagarri, Bilbao Kirolak erakundeak instalazioaren barruko beste eremu batzuk hobetu, egokitu edo konpondu ditu:
- Aldagelak: korridore nagusitik bi aldagela egokituetarako sarbide zuzena gaitu da, erabiltzaileek errazago eta erosoago izan dezaten harako sarbidea.
- Aldagela barruko elementuak beste era batera banatu dira mugikortasuna bermatzeko, eta aldaketa hori egiteko iturgintzako eta saneamenduko hodiak aldatu behar izan dira.
- Gainera, barrualdea alikatatu eta aldageletara sartzeko korridoreko hormak margotu egin dira.
- Igerilekua: igerilekua inguratzen duen eremuko zoladuran egon diren kare-formazio batzuk kendu dira, eta hormetako batean zegoen konkorra konpondu da.
- Igerilekuko hezetasunaren ondorioz hondatuta zeuden ate metalikoak ere aldatu dira, espazio hezeetako baldintzetara hobeto egokitzen diren beste batzuk jarrita.
- Sarbideak eta barruko ateak kontrolatzea: sarbideak kontrolatzeko postuaren alboan kristalezko itxitura bat jarri da, eta kalteak zituzten barruko ateak konpondu edo aldatu dira.
- Pilotalekua eta kirol-kantxa: frontoian eta lehen solairuko kirol-kantxako zoladuran detektatu diren hezetasunak konpondu dira.
- Wifi-instalazioa: soroslearen gelaren eta pilotalekuaren arteko konektibitatea hobetzeko, sareko bi hartune berri jarri dira, bai batean zein bestean wifi- antenak jartzeko.
Agintaldi honetan, gaur arte, Bilbao Kirolak udal entitateak 10 milioi euro inbertitu ditu udalerriko kiroldegiak eta kirol-zelaiak konpontzeko.