Uriko 10 eta 17 urte bitarteko gazteen artean kirola egitea sustatzea helburu duen Auzo Active udal programa jarri du martxan Bilbok. Gaur goizean, urriak 1, Juan Mari Aburto alkateak hartu du parte ekimen honetan.

Euskalduna kaian, gaur egun osoan zehar, hainbat kirol jarduera izango dira, aire zabalean eta dohainik, eta kirol modalitate anitzetakoak, hala nola irristaketa, errugbia, saskibaloia, kalistenia, parkour, slackline, piragua, herri kirolak, esgrima, futbola eta capoeira, besteak beste.

Bilboko Udalak sustatzen du programa hau, 2021eko apirilaz geroztik, hainbat kirol- eta gizarte-entitaterekiko elkarlanaren bidez. Gaurko jardunaldian parte hartu dute, esaterako, Athletic Fundazioak, Universitario Bilbao Rugby klubak, Bizkaiko Saskibaloi Federazioak eta Bizkaiko Herri Kirolen Federazioak, Bidaide Bilbao BSR klubak, Ibase irristaketa klubak, Koop SF4 enpresa mintegiak, ONCE talde sozialak, Parkour Bilbao elkarteak, Orekatu konpainiak, Bilbobentura enpresak, Club Sule klubak eta Fusión dantza zentroak.

Aburtok eskerrak eman dizkie beren lanarengatik entitate laguntzaile guztiei, eta hau nabarmendu nahi izan du: "kirola tresna handi bat da, aliatu handi bat gure gazteek bizi-ohitura osasungarriak har ditzaten bizitza osorako, gorputza eta burua garatzen lagunduko dietenak, bai banaka, bai taldean". Bilboko alkateak gogorarazi duenez, "Auzo Active programak aukera ematen digu kalera ateratzeko kirola, auzoetako plazak eta parkeak dinamizatzeko, gazteengana hurbiltzeko, eta, hori guztia, gizarte kohesioaren alde lan egiten dugun artean, komunitatea eta auzoa eraikitzen dugun artean".

Jardunaldi honekin, berriro ekiten zaie, uda ostean, Auzo Active programaren bigarren edizioko jarduerei, eta, hala, urriaren 2tik azaroaren 12ra arte, 8 jardunaldi ospatuko dira Zorrotza, Irala, Errekalde, Abusu, Santutxu, Deustu, Uribarri eta Otxarkoaga auzoetan, kirol-jardueren programa txit osatu batekin.

Auzo Active programak helburu bi dauzka; alde batetik, aisialdi osasungarriko kultura bat sortzea, hainbat baliotan oinarrituta: ahalegina, lankidetza, tolerantzia, integrazioa, adiskidetasuna edo joko garbia; eta, bestetik, eremu publikoa dinamizatzea, Bilboko auzoen gizarte- eta komunitate-kohesioan aurrera egiteko estrategia gisa.