Larunbat honetan, urriak, Euskaldunako kaiak 10 eta 17 urte bitarteko gazteei bideratutako Auzo Active programaren bigarren denboraldiko lehenengo jarduerak jasoko ditu.

Goizean 11:30etik 14:00etara izango da, eta arratsaldean 17:00etatik 19:30era. Etortzen diren gazteek hainbat kirol egin ahalko dituzte dohainik: patinajea, errugbia, saskibaloia, kalistenia, parkour, slackline, piragua, herri kirolak, esgrima, futbola, capoeira. Gainera, roller patinen master class eta erakusketa bat egingo dira (Borja Fernándezekin, Red Bull-eko patinatzaile ohiarekin), eta BMX show bat egongo da Alvaro Fernández riderrarekin.

Parte hartzeko, nahikoa da etortzea; ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Jardunaldia Yaiza Arrizabalaga kazetariak gidatu eta girotuko du.

Udalak gazteak eta beren familiak gonbidatu gura ditu prestatu dituen jardueretan parte hartzera eta gozatzera, kirola egiteko modu berriak deskubritzeko eta bizimodu osasuntsu bat izateko ohiturak garatzeko.

Urriko eta azaroko egutegia

Auzo Active-k bere bigarren denboraldia amaituko du jardunaldi honekin eta beste zortzirekin, urriaren 2tik azaroaren 12ra arte Bilboko hainbat auzotan egingo direnak.

  • Domeka, urriak 2, Zorrotzako azokako plazan.
  • Zapatua, urriak 8, Iralako Eskurtze parkean.
  • Barikua, urriak 14, Errekaldeko Elejabarri eskolan.
  • Barikua, urriak 21, Abusuko parkean.
  • Zapatua, urriak 22, Santutxuko Basarrate landan.
  • Zapatua, urriak 29, Deustuko Euskalduna zubian.
  • Barikua, azaroak 4, Uribarriko Funikularreko plazan.
  • Zapatua, azaroak 12, Otxarkoagako Lozoño plazan.

Jarduera horiek antolatzen eta garatzen hainbat kirol klubek parte hartu eta kolaboratuko dute –hala nola Athletic Fundazioa, Universitario Bilbao Rugby, Bidaideak Bilbao BSR, edo saskibaloiko eta herri kiroletako Bizkaiko federazioak–, baita zenbait entitatek ere, hala nola ONCE edo Eroski Fundazioa, eta entitate sozioedukatibo batzuek ere bai: Eragintza, Gure Lurra, Gazteleku, Umeak Kalean, Tendel, Gozaldi eta Aldaika.

Auzo active programa

Bilboko Udalak 2021eko apirilean jarri zuen abian Auzo Active, helburu birekin: alde batetik, aisialdi osasungarriko kultura bat sortzea, hainbat baliotan oinarrituta: ahalegina, lankidetza, tolerantzia, integrazioa, adiskidetasuna edo joko garbia; bestetik, eremu publikoa dinamizatzea, auzoen gizarte-kohesioan, integrazioan eta komunitate-ekintzan aurrera egiteko estrategia gisa.

Auzo Active programa berritzaile bat da, izaera unibertsala eta lankidetzazkoa duena. Gazteen artean kirola eta gorputz jarduera sustatzea eta ohitura osasungarriak bultzatzea du xede, eta adingabea erdigunean jartzen du, agente eraldatzaile moduan parte har dezan.

Abian jarri zenetik, 96 jarduera egin dira Deustun, Zazpi Kaleetan, Otxarkoagan, Abusun, Errekalden, Begoñan, Zorrotzan, Uribarrin eta Iralan. Hasi zenetik, 2.350 lagunek parte hartu dute: % 42,34 neskak eta % 57,66 mutilak.