Síguenos en redes sociales:

Bilbotarren parte-hartzea sustatuko du Udalak Kulturaren Plan Estrategikoan

Bilboko Udalak martxan jarriko ditu bi ekimen berri, Kulturaren Plan Estrategikoaren diseinatzeko lan-prozesuan herritarren parte-hartzea lortzeko.

Alde batetik, Udalak parte hartze irekiko topaketa baterako deia egin die herritar guztiei eta kultur elkarteei, egoeraren diagnostiko bat egitearren eta urian kultur sektoreak etorkizunerako dituen desafio nagusiak zeintzuk diren bereiztearren.

Hitzordua irailaren 28rako da (asteazkena), 18:30etik 20:30era, La Bolsa udaltegiko lehen solairuko ekitaldi-aretoan eta ganbaran (Pilota kalea, 10), eta, parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, posta elektronikoko mezu baten bidez. Izena emateko epea irailaren 26an amaituko da.

Beste alde batetik, irailaren 19an (astelehena) hasi eta urriaren 2ra arte, Udalak on line galdetegi bat ezarriko du, jakitearren gizarteak zer iritzi duen Bilbon kulturak duen egoeraz, eta herritarrek udalaren kultur ekintzaz egiten dituzten balorazioak biltzearren (alegia, programazioaz, ekipamenduez, kultur jardueraren sektore-tipologien eta publikoen araberako banaketaz eta abarrez).

Interesdunek, beraz, bi bide horiek izango dituzte plan berrirako beren ekarpenak egiteko, eta plana lantzeko funtsa izango da sektorearen eta ahalik eta kultur eragile, erakunde-ordezkari eta herritar gehienen elkarlana, parte hartzea eta engaiamendua baliatzea.

Uriaren etorkizuneko kultur politikak

Herritarrek Bilborako estrategikoak diren proiektuetan ere parte har dezaten sustatzearren, Udalak hilabeteak daramatza sektoreko eragileekin elkarlanean (profesionalak, amateurrak, elkarteak, entitateak eta beste). bide-orri berri hau prestatzen, zeinaren bidez Uriaren etorkizuneko kultur politiken lerro nagusiak ari baita marrazten.

Hala, maiatzetik ekainera bitartean, hainbat elkarrizketa egi ziren eta hainbat lantalde sektorial bildu ziren kultur arlo bakoitzean berezitutako pertsonekin, eta, hala, aukera izan zuten esperientzien eta ezagutzen berri emateko elkarri, eta, horren bidez, etorkizuneko desafioak hauteman ahalko dira, eta, batez ere, proiektu eraldatzaileak definitu ahalko dira, motor gisa baliatzeko Kulturaren Plan Estrategiko berriari bultzatu eta eragiteko.

Orain, parte hartze bidezko bi ekimen horiek abian jarrita, Udalak gonbidapena egin nahi die Bilboko herritar guztiei eta kultur elkarte guztiei (entitate bakoitzetik pertsona bat), eztabaida egiteko eta iritziak trukatzeko uriko kultur bizimodua hobetzeko ideien eta proposamenen gainean.

Era horretan, kultur eragileekiko eta herritarrekiko dinamika horien ekarpenak aintzat hartuta, Udalak diagnostiko osatu bat edukiko du uriko kulturaren egoeraz, eta hura baliatuko dugu plan berritzaile, asmo handiko eta errealista hori idazteko.

Hala, bada, Bilbok estrategia propio bat izango du, eta, berari esker, tokiko kultur jarduera sustatuko du, eta Bilboren nazioarteko irudia zabalduko du kultur hiri gisa, eta agerira ekarriko ditu uriaren kultur aktiboak, eta pandemiaren ondorio kaltegarriak gainditzen lagunduko, jarduera berriak erakarriko, eta kultur eta sormen industrien garapenari lagunduko.