Tokiko kirolean baloreak eta joko garbia sustatu nahi du Bilboko Udalak. Hori dela eta, Bizkaiko eta Euskadiko hamabost federaziorekin indarrak batuko ditu, sinatu berri dituen beste horrenbeste lankidetza-hitzarmenei esker.

Akordio horien helburu nagusia da kirola eta jarduera fisikoa sustatzea, bizitzeko ohitura osasungarri gisa, bai eta Bilboko Baloreen Agiriko balioak eta kirolaren berezko balioak sustatzea ere (talde-lana, ahalegina, errespetua eta konpromisoa, besteak beste).

Sinatutako akordioen arabera, Bilbao Kirolak-ek bere kirol-instalazioak lagatzeko konpromisoa hartzen du, lehiaketa eta entrenamendu ofizialak egiteko.

Federazioek, beren aldetik, konpromisoa hartzen dute jarduera fisikoa erabiliko dutela herritarrei kirol-arloan –baita maila pertsonalean eta kolektibo-sozialean ere- garatzen laguntzen dieten balioak zabaltzeko eta sustatzeko.

Akordioetan jasotzen da, halaber, federazioek emakumeen parte-hartzea eta hizkera ez-sexista erabiltzea sustatuko dutela kirolean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun benetako eta eraginkorrean aurrera egiteko.

Azkenik, hitzarmenek bermatzen dute euskara erabiliko dela federazioek programatutako jardueretan, euskararen erabilera normalizatzeko arlo guztietan.

Hitzarmena sinatu duten federazioak

  • Herri Kirolen Bizkaiko Federazioa.
  • Bizkaiko Pilota Federazioa.
  • Bizkaiko Atletismo Federazioa.
  • Bizkaiko Saskibaloi Federazioa.
  • Bizkaiko Eskubaloi Federazioa.
  • Kirol Egokituaren Bizkaiko Federazioa.
  • Bizkaiko Gimnastika Federazioa.
  • Bizkaiko Karate Federazioa.
  • Bizkaiko Padel Federazioa.
  • Bizkaiko Tenis Federazioa.
  • Euskadiko Futbol Federazioa.
  • Euskadiko Beisbol eta Sofbol Federazioa.
  • Euskadiko Borroka eta Sanbo Federazioa.
  • Euskadiko Patinajeko Federazioa
  • Euskadiko Squash Federazioa