Gaur gauean amaiera emango zaio inoiz gehien itxaron dugun aste nagusiari. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta bi urteko etenaldiaren ondorioz, harrera bikaina izan dute antolatutako ekintza guztiek. Hala, pixkanaka-pixkanaka, ekitaldi guztiak amaitzen doaz.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, aurten Valentziatik etorritako Pirotecnia Valenciana-k irabazi duen Bilbo Hiriko Su Artifizialen Nazioarteko XXX. Lehiaketaren Epaimahaiaren Saria banatu du, Itziar Urtasun Jaietako Zinegotziak lagunduta.

Ekitaldia gaur eguerdian izan da La Bilbaina elkartean, eta epaimahaikideak bertan izan dira. Erabakia hartzeko, hainbat alderdi baloratu dituzte, horien artean lehiaketa honetan parte hartu duten 7 konpainiek proposatutako ikuskizunek proiektatutako distira, koloreak, dimentsioak edo formak.

Irailean, Bilboko Udalak lehiaketako beste sarietako bat irabazi duen konpainiaren izena iragarriko du; Ikus-entzuleen Saria, Aste Nagusian herritarren iritziz ikuskizunik onena aurkeztu duen pirotekniak jasoko duen aintzatespena.

Gura duenak, “Bilbao Aste Nagusia 2022” aplikazioaren bitartez edo abuztuaren 20tik 27ra El Correo egunkarian argitaratutako partaidetza-kupoien bidez parte hartu ahal izango du bozketan.

Berrikuntza gisa, aurten hirugarren sari bat dago: Sari Berdea, piroteknia-hondakinekin gutxien kutsatu duen konpainiarentzat. Irabazlea urrian jakinaraziko da, konpainia bakoitzak erabilitako materialak aztertu ostean.

Bilbo Hiria Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren XXX. Edizioan Italia, Frantzia, A Coruña, Granada, Valentzia eta Zaragozako 7 piroteknia-konpainiak hartu dute parte.