Bilbao Bizkaia UR Partzuergoak (BBUP), datozen asteetan, ontzi batean garraiatutako edateko urarekin hornituko ditu Busturia, Sukarrieta, Mundaka eta Bermeoko hornidura-sistemak.

Itsasontziak, zeinak 4.000 m3 ur biltzeko edukiera izango baitu, Bilboko portutik (Santurtzitik) Bermeorako bidaiak egingo ditu. Adierazitako salbuespeneko neurri koiunturalak ez du aurrekaririk Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko kudeaketa-esparruan, eta aurreko asteetan hartutako beste neurri batzuk sendotuko ditu; izan ere, eskualdea hornitzen duten ibilguen egoera okerragotu egin da abuztuaren 5az geroztik, gaur egungo larrialdi-egoera lehengoratzeko prezipitazio nahikorik egon ez izanagatik eta tenperatura altuko egun ugariengatik.

Inguruabarrek eskatzen dute proportzio bereko neurriak ezartzea; hortaz, uztailaren 19az geroztik lurraldean indarrean dauden mugekin jarraitzeaz gain, abuztuaren 8az geroztik zerbitzuaren presioa nabarmen murrizten ari da gauean (00:00etatik 06:00etara) urhorniduran aurrezpenak handitze aldera.

Izan ere, eskualdeko ur-defizit historikoa (Urdaibaiko Erreserbarako Lurralde Jarduketa Planaren arabera, 100 l/s) dela eta, Eskaria Kudeatzeko Programa konplexua jarri da abian, bilketa berriak aktibatu eta baliabide eskuragarri guztiak babesteko. Nolanahi ere, udako hilabeteak gertu zeudenez salbuespenezko eta premiazko neurriak hartu behar izan dira Busturialdeak hornigai modura erabiltzen dituen ibaietako emari ekologikoak arriskuan jarri gabe, herritarren ur-hornidura bermatzeko. Zehazki, ekain amaieran horien egoera aurrealertakoa zen.

Uztail erdialdetik alerta-egoera zegoen jada; hori dela eta, Busturialdeko udalerri guztietan zenbait murrizketa daude indarrean, besteak beste: botoirik ez duten udal-iturriak ixtea, parkeak nahiz ortuak ureztatzea debekatzea, kaleak urarekin garbitzeko lanak beharbeharrezkoa denean baino ez egitea, igerileku pribatuak betetzea edo horien ura berritzea debekatzea, eta ibilgailuak nahiz azalera edo plaza pribatuak garbitzea debekatzea. Sistemari ura gehituko dioten irtenbide berriekin sistema sendotzeko beharra aintzat hartuta, BBUPk tangaontziaren zerbitzua martxan jarri du, zeinak indarrean dauden administrazioeta osasun-alorretako arau-bermeak betetzen baititu.

Hala, itsasontziak, zeinak ibilbide bakoitzeko 4.000 m3 garraiatzeko gaitasuna izango baitu, aurreikusitakoaren arabera urriaren erdialdera arte egongo da martxan — inguruabarren eta premiaren arabera—, eta 40 orduro bideragarriak diren ibilbideak egingo ditu, karga-erregimenari dagozkion ziklo-aukeren arabera: joaneko bidea, deskarga eta itzulerako ibilbidea. Hasieran egindako kalkulu garbiaren arabera, gutxi gorabehera 2.000 m3 -ko ekarpen garbia egingo du egunean; beraz, segundoko 23 litro hornituko ditu.

Aste honetan egindako probak gainditu ondoren, zeinen bidez uraren kalitate-kontrola eta doikuntza-maniobrak egin diren, ontzia urez betetzeko hodia ontziaren gordailura behar den moduan egokitzen dela bermatzeko (Bilboko Portuan), bai eta irteerakoarekin (Bermeoko Portua) bat datorrela bermatzeko ere, sarera ad hoc eraikitzen den ponpaketaren bitartez konektatuta, ontzia dagoeneko hasia da Busturialdeko hornidura-sarera ura hornitzen.

AURREKARIAK

Iaz, urte amaieran, Busturialdeko Ur Partzuergoko biltzarrak onetsi zuen hamasei udalerrik osatzen duten Busturialdeko Ur Partzuergoa (BUP) erakundean sartzea. Urdaibaiko Erreserbarako 2020an onetsi zen Lurralde Jarduketa Planaren arabera, hauxe da eremu horretako arazo nagusia: baliabide hidrikoaren egiturazko defizita dago, kalkulatutakoaren arabera 100 l/s-koa, udako hilabeteetan lortzen ez dena, izan ere eskualdeko baliabide hidrikoen, hau da, ibai, iturburu eta akuiferoen, menpe dago.

Hala, Zadorra sistematik datorren ur-sistemarako konexioa 15 kilometroko hodi baten bidez egingo da. Udako hilabeteetan adierazitako defizita konpentsatzeko behin betiko irtenbidea da; proiektu handia da, konplexutasun tekniko handia duena, zeinetan inbertsio oso handia egin beharko baita, bai ekonomikoki, bai denborari dagokionez.

Zenbait urte igaro arte ez da martxan jarriko azpiegitura hidrauliko handi hori (2022-2025 Inbertsio Plana); hortaz, egoeraren araberako ezohiko irtenbideak hartu behar izan dira hornidura bermatu ahal izateko, betiere, gune horretako berezko baliabideak errespetatuz, eta 44.333.744 euroko zuzkidura bideratu behar izan da (BEZ barne).

Besteak beste, honako jarduketa hauek daude abian: Golako eroanbidea berritzea, ForuaMurueta sistema Gernika sistemarekin lotzea, Oiz mendian bilketa berriak egitea, eta Gernikan biltegi berria jartzea; horrek guztiak 10 milioi euroko kostua izango du, gutxi gorabehera.

ERAKUNDE ARTEKO LANKIDETZA

Neurri guzti horiek nahiz epe luzerako proiektuak honako hauekin partekatu dira: gobernutaldeekin, eskualdeko udaletako toki-korporazioekin ekain nahiz uztailean egindako informazio-bileretan, eta Uraren Euskal Agentziarekin; izan ere, BBUPk egindako kudeaketaplanak eskatzen du administrazio eskudun guztiek eta herritarrek oro har parte hartzea eta inplikatzea, baliabidea zentzuz erabiltze aldera.

Horren ildotik, BBUPk, eguraldiaren bilakaeraren arabera eta, hortaz, erreserba hidrikoen arabera, zuzeneko komunikazio-kanala ezarri du udalekin, egoeren arabera neurri zehatzak ezartzeko, bai eta herritarrek kontzientzia har dezaten ere norbanakoen jarrerak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa egiten ari den gainerako jarduketei gehitzeak dakarren hobekuntzari buruz.

Ildo horretatik, eta datorren hiruhilekoan sortzen diren inguruabarren arabera (prezipitazio onak, lehortearen iraupena, ihes berriak konpontzeari esker baliabideak kontserbatzea, zundaketa berriak barne hartzea...), Partzuergoak indarreko neurriak eta kudeaketa egokituko ditu eremu horretako errekek, ur-iturriek eta akuiferoek, batez ere, agintaritza eskudunak baimendutako emariak mantentzen dituztela bermatzeko.