Síguenos en redes sociales:

Bilboko Udalak #HatorMarijaia kanpaina jarri du martxan

Oso gutxi falta da Aste Nagusiari hasiera emateko. Datorren larunbatean arratsaldean, abuztuak 20, hasiera emango zaie jaiei, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta aurreko bi edizioak bertan behera utzi behar izan ondoren. Hala, hilaren 28ra bitartean, milaka jarduera egingo dira urian zehar, adin guztietarako pertsonei bideratutakoak.

Horren harira, Bilboko Udalak ekimen berri bat abiarazi du sare sozialetan, «herritarrak Marijaiaren espirituarekin kutsatzeko». Marijaiarekin egindako argazkiak, datozen egunetakoak zein Aste Nagusiaren aurreko edizioetakoak, partekatzean datza egitasmoa. Egin behar den bakarra da Marijaiarekin argazki bat argitaratu, #HatorMarijaia traolarekin —hari lotutako eduki guztien jarraipena egin ahal izateko—.

Era berean, datozen egunetan, Bilboko jaietan bizitakoari buruzko galdetegia eta gomendioak zabalduko ditu Udalak, sare sozialetan. Jaietako pertsonaia gogokoenari, toki bati, ekitaldi bati, konpartsa bati, kanta bati… buruzko galderak izango dira.

Bilboko hiriburuko jaien eredu parte-hartzailea komunikazio-bide berrietara ere iritsi da, eta Udalak bilatzen du uriko ekitaldi garrantzitsuena den Aste Nagusia sare sozial horietan ere sustatzea.

Plataforma desberdinetako kontu ofizialek (Bilbao Udala, Bilbao Jaia, Bilbao Turismo, Bilbao Kultura…) Aste Nagusiaren jarraipen osoa egingo dute, egunez egun, argazkiekin, bideoekin eta testuekin. Modu dinamiko eta bisual horren bidez, herritarrek uriko jarduera nabarmenen garapenari buruzko informazioa jaso ahalko dute