Uriko leku guztietan irisgarritasuna hobetzeko erronkarekin aurrera darrai Bilboko Udala. Oraingo honetan, Artxandako begiralekua eta Enekuri Eraztun Berdetik lotuko ditu 1,5 kilometro luze izango dituen egurrezko pasabide batekin.

Zehazkiago, proiektuak aurreikusten du oinezkoentzako pasabide bat eraikitzea, zutabe isolatuen gainean. Pasabide osoa egurrezkoa izango da, eta argiztatuta egongo da. BI-604 errepide gainetik igarotzen den zubitik abiatuko da, Esclavas de Fátima ikastetxe ingurutik, eta, Banderas mendi tontorrera igo eta gero, Berriz bidetik jarraituko du, Artxandako pasealeku begiralekuraino.

Bai pasealeku begiralekua (egiten ari dira), bai etorkizuneko pasabidea (lizitazioa datozen egunetan argitaratuko dute, 2.289.622,08 euroko aurrekontuarekin), Artxanda Aktibatzeko Planaren barruan daude. Plan horren lehentasunetako bat da ingurune hari bultzada sozial, kultural eta ekonomikoa ematea, bere natura-izaera zainduz eta Bilboko ohiturekin eta historiarekin duen lotura aintzat hartuz.

PASABIDEA

Enekuri gainean pasabide bat dago, BI-604 errepidea zeharkatu eta Esclavas del Sagrado Corazón-Fátima ikastetxerako sarbidea ematen duena. Ordea, bertatik Banderas mendi tontorrera joan nahi izanez gero, ez dago bide irisgarririk.

Gauzak horrela, eta Artxandako pasealeku begiralekuaren lanen aurrerapen-maila ikusita, ingurune hartan oinezkoen ibilbidea egiteko lanei ekingo die orain Bilboko Udalak. Ibilbide horrek zati bi izango ditu, eta, guztira, 1,5 kilometro:

  • Enekuri gaina - Banderas mendi tontorra.
  • Banderas mendi tontorra - Artxandako errepidea.

Beraz, oinezkoen ibilbide gehiena Banderas mendiaren magaletik joango da -oso leku aldapatsua, inondik ere-.

Oinezkoen pasabideak oztoporik gabeko bi metroko zabalera izango du, gutxienez, eta % 8ko gehieneko malda. Era berean, baranda eta eskudel bikoitza egongo dira, ibilbide osoan zehar.

Egurrez eraikiko dute, oso-osorik: bai egitura, bai akaberak, bai bereizte-osagaiak. Egitura, bestalde, haitzean ainguratutako hormigoizko kubo txiki batzuen gainean egongo da.

Obra egingo da pasabidea natura-ingurunea ahalik eta gehien zainduta. Hori dela eta, ez da pistarik egingo, plataformaren trazaduran zehar: lanak eskuz egingo dira nagusiki, eta, makinak erabili behar izanez gero, txikiak izango dira, eta ingurune maldatsu hartarako aproposak. Bestalde, lanek aurrera egingo dute dagoeneko eraikita dagoen plataformaren gainean.

Inola ere ez da gaur egungo lurren geometria aldatuko duen lur-berdinketarik egingo, lanerako pista moduan erabiltzeko; eta ez da makina handirik erabiliko.

BEGIRATOKIAK

Ibilbidean zehar, egurrezko egituradun begiratoki bi jarriko dira, eta, bertan, egurrezko bankuak egongo dira, atseden hartzeko eta Bilboko eta Abrako ikuspegiaz gozatzeko.

Begiratokien aurreko baranda beira laminatu eta tenplatuzkoa izango da, herritar guzti-guztiek, beren egoera edozein dela ere, aukera izan dezaten bista apartaz disfrutatzeko.

LURZATIAK LAGATZEA

Proiektuari heldu ahal izateko, Esclavas del Sagrado Corazón-Fátima ikastetxeak bere jabetzako hiru lurzati laga behar izan dizkio Bilboko Udalari, doan.

Izan ere, proiektutako pasabidearen ibilbideak hiru lurzati okupatzea zekarren -gutxi gorabehera, 518,47 metro koadro-, eta, beraz, obrak hasi aurretik, lurzati horiek Udal Ondarearen parte izan behar zuten.

Lagapenaren truke, Udalak bere gain hartuko ditu lurzatiok egokitu, zaindu eta bertan mantentze-lanak egiteagatiko gastuak, bai eta perimetroan, lagatako lurzatien mugakideak diren tokietan, daude diren itxiturak berriro jartzeari dagozkion gastuak ere (itxitura horiek eraitsi egin behar dira, pasabidea eraikitzeko).