Urtero bezala, Bilboko Udalak behin behineko zazpi iturri instalatuko ditu urian zahar espero diren muturreko tenperaturei aurre egin ahal izateko. Iturri horiek urian dauden 562 iturriei gehituko zaizkie.
Bilboko Udalak, muturreko tenperatura beroengatik ezarritako alerta horia dela-eta, dei egiten die herritar guztiei, batik bat umeei, adinekoei eta osasun arazoak dituzten pertsonei, eguzkitan ez paratzeko, likidoak edateko eta berorik handieneko orduetan esfortzu fisikorik ez egiteko.
EUSKALMET-en arabera, hurrengo egunetan tenperatura maximoak 35 gradutara irits daitezke une jakin batzuetan.
Behin behineko zazpi iturriak hurrengo puntu hauetan egongo dira:
- Agirre Lehendakaria, 162
- Blas de Otero kalea, 36
- Kale Nagusia, 63
- Kale Nagusia, 25
- Areiltza Doktorearen kalea, 32. zenbakiaren parean.
- Etxaniz suhiltzailearen plaza, 4
- San José plaza
OSASUNERAKO ARRISKUAK
Bilboko Udalak gomendatzen du eguerdiko orduetan eguzkitan ez egoteko eta likido ugari edateko. Gainera, arreta handiagoa jarri behar zaie umeei, adinekoei eta osasun arazoak dituzten pertsonei.
Bero handia egiten duen lekuetan luzaroan egoteak arazo larriak eragin ditzake erregulazio termikoaren faltagatik, zenbait patologia errazago ager daitezke eta aurretik zeuden gaixotasunak areagotu, batez ere arrisku handiagoa duten pertsonengan. Hauek dira arrisku-taldeak:
- 1. arrisku-taldea: talde horretan sartzen dira oro har osasun ona duten 65 urtetik gorako adinekoak, alergiengatik tratamenduan dauden pertsonak, diuretikoekin eta antidepresiboekin tratamenduan dauden pertsonak, alkohol asko edaten duten edo oso gizenak dauden pertsonak eta gaixotasun kronikoak dituztenak.
- 2. arrisku-taldea: giltzurruneko patologia kronikoa, bihotz-hodietako gaixotasunak, patologia psikiatriko larria, arnasa-gaixotasun kronikoak, gaizki kontrolatutako diabetesa eta etilismo kronikoa.
- 3. arrisku-taldea: hor sartzen dira adineko ahulak, immobilizatutako gaixoak eta gaixo terminalak.
Horregatik, Bilboko Udalak gertuko adinekoak bisitatzeko eta zaintzeko eskatu die herritarrei, guzti-guztioi dagozkigun gomendioak betetzen dituztela egiaztatuz.
AHOLKU PRAKTIKOAK
- Ohi baino likido gehiago edan, batik bat ura, egarria izan aurretik.Ahal dela, ez edan kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duen edaririk.
- Jaki arinak jan (entsaladak, barazkiak, frutak...).
- Itxi leihoak eta jaitsi pertsianak eguzkiak ematen dienean, eta aireztatu eta freskatu etxea bero gutxien egiten duen orduetan.Jantzi arropa nasaia, arina eta kolore argikoa eta oinetako eroso eta freskoak.
- Etxeko tenperatura 35º C baino handiagoa bada, ez da nahikoa haizagailua erabiltzea beroak eragin ditzakeen osasun-arazoei aurre egiteko, eta ondorioz, dutxa edo bainu hotzak hartzea edota aire egokitua duen lekuren batean gutxienez bi orduz egotea gomendatzen da.
- Bero gehien egiten duen orduetan, ez irten kalera behar-beharrekoa ez bada. Kalera irten behar izanez gero, burua estali eta eguzkitako betaurrekoak erabili eta, ahal dela, gerizpetan egon.
- Ariketa fisikoa eginez gero, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
- Ez geratu aparkatuta eta itxita dauden ibilgailuen barruan, gerizpetan egon arren.
BERO KOLPEA JASANEZ GERO HARTU BEHARREKO NEURRIAK
Bero handiaren eragin negatibo batzuk dira zorabioak, ahultasuna, nekea, goragalea, baita konortea galtzea ere. Intsolazioa ere bero handiari lotuta dago, eta azal gorritua, beroa eta lehorra, pultsu azkarra eta buruko min handia dira sintomak. Halakorik izanez gero, deitu 112 telefonora, jarri toki fresko batean, burua estalita eta jarri konpresa
ETXEKO ANIMALIAK
Etxeko animaliek, eta bereziki txakurrek eta katuek, bero kolpea jasan dezakete oso erraz bereiz daitezkeen sintomekin: arnasestu gogorra, arnasketa arina, gehiegizko listu-jarioa, arretarik eza, zuzen ibiltzeko zailtasunak edo gorakoa. Itzalpean jartzea, ura eskaintzea, sudurrean zapi bustiak jartzea eta hankak uretan sartzea dira jarraitu beharreko gomendio erraz batzuk, eta horiekin nahikoa ez balitz, animalia albaitariarenera eraman beharko litzateke.