Síguenos en redes sociales:

"Martutene" eleberria, Klasikoen Etengabeko Irakurketaren protagonista

Bilboko Udalak iragarri duenez, Ramon Saizarbitoriaren "Martutene" eleberria izango da protagonista Bilbo Zaharra euskaltegiko Klasikoen Etengabeko Irakurketaren XV. edizioan. Jarduera Arriaga Antzokian izango da ekainaren 8an, 08: 00etatik 14: 00etara, eta 200 pertsona baino gehiago bilduko ditu.

Hau da, eta azken bi edizioarekin gertatu zen bezala, aurten oraindik formatu murriztua izango du ekitaldiak, pandemiaren gorabeherak direla eta.

"Martutene" garai oso bati (1989tik 2012ra hedatzen den aroari) amaiera ematen dion eleberria da. Agortezina da, eta aukera ematen digu euskal mundua definitzen duten diskurtso gehienak interpretatzeko: antropologikoa, soziologikoa, euskalkietakoa eta herri txikietakoa, politikoa, bortizkeriarena, gastronomikoa, artistikoa, musikakoa eta abar.

200 PARTEHARTZAILE

Ramon Saizarbitoriak berak irakurriko ditu "Martutene"ren lehenengo lerroak Arriaga Antzokian, goizeko 08:00etan, ekimenari hasiera emanez, eta ondoren, beste 200 bat pertsonak hartuko dute parte etenik gabeko irakurketan. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko ditu pasarteak jendaurrean. Instituzio guztietako ordezkariak, elkartekideak, kultur eta gizarte eragileak, ikasle eta irakasleak, besteak beste, pasatuko dira Arriagatik beren tartea irakurtzera.

Oraingoan Bilboko institutuetako ikasleek ere parte hartuko dute, eta horretarako gazte bakoitzak bi minutu inguruko pasarte bat irakurriko du. Zehatzago, ikasleek euskarri digitalean grabatuko dituzte pasarteak eta gero horiek erabiliko dira Irakurketa osatzeko. Modu birtualean ere sartuko dira diasporaren partaideak, 50 euskal etxeren bitartez.

Arriagako plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etengabeko irakurraldia, baita EITBren webgunetik ere. Bestalde, Zazpi Kaleko eta Abandoko Metro Geltokietan, aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa izango da ikusgai egunotan.

Aurreko urteetan, Axularren "Gero", Mogelen "Peru Abarca", Jon Miranderen "Haur besoetakoa", Saizarbitoriaren "Hamaika pauso", Arantxa Urretabizkaiaren "Zergatik panpox", Bernardo Atxagaren "Obabakoak", Gabriel Arestiren "Harri eta herri", Sarrionandiaren "Narrazioa Guztiak", Franz Kafkaren "Metamorfosia", Itxaro Bordaren "%100 Basque", Txomin Agirreren "Kresala", Anjel Lertxundiren "Otto Pette", Mariasun Landaren "Ipuinak" eta Bernat "Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae" irakurri ziren.