Jarduera ugari Bilbao Basque FESTen hirugarren egunean
Bilbao Basque FESTek hirugarren egunez jarraian zabaldu du bere kultur programa eta, horretarako, askotariko jarduerak prestatu ditu. Horien artean, Demode Quartet taldearen musika ikuskizuna nabarmentzen da, Arte Eszenikoen MAX saria irabazi duena, 20:30ean Azkuna Zentroko Auditorioan - Alhondiga Bilbao. Gainera, Bizkaiko hiriburura hurbiltzen denak dantzez, zinemaz, herri kirolez edo euskal folkloreaz gozatzeko aukera ere izango du, besteak beste.
“PERKUTAK” PERKUSIO TAILERRA
Bilbao basque FEST jaialdiaren zortzigarren edizio honetako jarduerarik originalenetako bat Berreginen Museoan eskainiko da. “Perkutak” perkusio tailerrean bertako instrumentuen erritmoak jotzen irakatsiko zaie parte-hartzaileei (txalaparta, adibidez), baita horiek munduko beste herrialde askotako instrumentuekin konbinatzen ere. Ikastaroaren ondoren, bi profesionalek, Iñaki Plazak eta Kepa Calvok, kontzertua eskainiko dute. Jarduera honek emanaldi bat du, gaur, 12:00etan eta bihar, larunbata, goizeko 12:00etan eta arratsaldeko 17:00etan.
HOTEL ETA TABERNETAKO MUSIKA
Musika Bilbao basque FESTen atal garrantzitsuenetako bat da eta edizio honetan bi kontzertu-ziklo berri estreinatuko dira: Hotel Basque Music eta Taberna Live Music.
Lehenengoak, Hotel Basque Music zikloak, Aste Santuan bisitatzen gaituzten guztiei jaialdiaren kultura eta espiritua hurbiltzea du helburu. Jazza, bossa, soula edo funka nagusituko dira arratsaldero Domine Bilbao, Ercilla de Bilbao, Barceló-Nervión, Gran Bilbao, Vincci Consulado eta Catalonia hoteletan.
Bigarren zikloak, Taberna Live Music izenekoak, zuzeneko musika eskaintzen du Bilboko hainbat auzotako bost taberna eta pubetan. Ekimen horrek Sala Azkena Bilbo, Shake Bilbao, Itsasmuseum Bilbao museoko Nave 9, Crazy Horse eta Badulake babesten ditu urte osoan zuzeneko emanaldiak programatzen dituzten lokal gisa. Estilo oso desberdineko 9 taldek beteko dituzte lokal horiek egunero.
Gainera, Bilboko Kafe Antzokian rock-and-roll talderik onenak izango dira, "Bilbao basque FEST Rock City" kontzertu-zikloarekin. Gaur egungo euskal panoramaren onena erakusten duen kartel oparoa: Sotomonte, Manu Gastado & The Kosmik Twaregs, Lie Detectors eta Garbayo.
LEHEN MAILAKO EUSKAL ZINEMA
Bilbao basque FEST jaialdiaren azken edizioan Zinema saila estreinatu ondoren, euskal zinemak protagonismoa izango du berriro ere BBK Salan emango den "Maixabel" filmarekin. Filma Iciar Bollaín zinemagileak zuzendu du eta Blanca Portillo, Luis Tosar, eta María Cerezuela eta Urko Olazabal bilbotarrak ditu protagonista. Hiru Goya sari irabazi zituen (emakumezko aktore onena, Blanca Portillo; aktore-multzoko gizonezko aktore onena, Urko Olazabal eta emakumezko aktore berri onena, María Cerezuela), baita Donostiako Zinemaldian, Feroz sarietan eta Forqué sarietan ere.
Gainera, saio bakoitzaren aurretik ikusleek Bilboko Zinebi, Zinegoak, Fant eta Mendi Film jaialdietan saritutako film labur batez gozatu ahal izango dute. Emanaldiak gaur eta bihar izango dira, 18:00etan.
HAUR PROGRAMAZIOA ETA UMOREA BILBOROCKEN
Haurrek ere beren lekua dute Bilbao basque FESTen. Malabareen eta akrobazien tailerrak, magia ikuskizunak eta kontzertu didaktikoak dira jaialdiaren familiako programazioaren protagonistak. Zirkuko hainbat estilotako artista independenteek euren abilezia apartak erakutsiko dituzte eguerdiro Azkuna Zentroan eta 11:30ean Zabalgune eraikinean.
Tailer horietan bertan emango da izena.
Bilborock umorezko euskal ikuskizunen zikloaren agertoki izango da. Gaur, “De Bilbao ¡¡ahivalahostia!!” antzerkia izango da, Bilboko tradizioetan, kantuetan, ohituretan eta pertsonaietan barrena egindako bidaia, eta, apirilaren 16an, larunbata, Telmo Iruretak garun-paralisia izatearen benetako bizipenak errepasatuko ditu “Toquecito minus” bakarrizketa ironikoan.
Gainera, Areatzan jarritako karpan haurrentzako tailerrak, euskal jolas tradizionalak eta girotze musikala egongo dira igandean, apirilak 17, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 17:00etara.
OSTIRAL SANTURAKO BESTE PROPOSAMEN BATZUK
Publiko guztiek gozatu ahal izango dute beste plan hauetaz Ostiral Santuan:
12:30ean, Areatzan, Bizkaiko kirolari onenen arteko pentatloi desafioa jokatuko da. Bertan, erlojuaren kontrako bost diziplina konbinatuko dira: harri-jasotzea, giza proba, aizkora, txinga eramatea eta lasterketa.
Itsasadarrean zehar Mirentxu eta Begotxurekin egindako ibilaldi antzeztuek iragana gogorarazi, oraina bizi eta hiriaren etorkizuna irudikatzen dute. 11:30ean, 12:30ean, 13:30ean, 16:30ean, 17:30ean eta 18:30ean izango dira. Txartelak Bilboatsen Pio Baroja plazako bulegoan eta webgune honetan daude eskuragarri: https://www.bilboats.com/