Bilboko Udalak iragarri duenez, Bilbobusen zerbitzu berezia Bilbao Arenan jokatuko diren hurrengo bi partidetarako eskaintzen jarraituko da. Lehenengoa bihar jokatuko da, apirilak 9, larunbata, eta autobusa Plaza Biribilaren ingurutik irtengo da Bilbao Arenara. Zerbitzu honen bidez, Udalak garraio publikoaren erabilera sustatu nahi du Bilbao Arenako kantxara doazen saskibaloizaleen artean.
Horrela bada, larunbatean, Bilbao Arenan ospatuko diren bi partida direla eta, 17:00etan eta 20:45ean, E7 linea Plaza Zirkularretik 10 minuturo irtengo da partida hasi baino ordubete lehenagotik Bilbao Arenara (hau da, 16:00etik eta 19:45etatik aurrera). Partidak amaitzean, bestalde, autobusak Bilbao Arenatik (Askatasuna/Parkea) abiatuko dira Plaza Biribileraino, Erriberako Merkatutik eta Areatzako zubitik igarota. Zerbitzu hori ere 10 minututik 10 minutura emango da geralekuan jendea geratzen den bitartean.
Beste alde batetik, erabiltzaileak hiriko beste alderdi batzuetara garraiatzeko zerbitzua bizkorrago emateko, 30, 71, 75 eta 76 autobus-lineek beren ibilbidea aldatuko dute partiduen ondorengo minutuetan, Askatasuna/Parkean geraldi bat egingo baitute.
Bilbobus ez da garraio publikoaren aukera bakarra. Horregatik, Bilboko Udalak gogorarazten du Bilbao Arenatik 500 metroko inguruan badirela metro-, tren- edo tranbia-geralekuak, hiriko auzo guztiekin eta hurbileko herriekin konektatuta daudenak. Gainera, taxi-geraleku bat ere jarri da Askatasuna etorbideko 11 zenbakian.
Informazio gehiago eskura daiteke geralekuan, 010 informazio-telefonora deituz edo www.bilbao.eus/bilbobus udal-webgunean.