BAS - Bilbao Arte Sacro kontzertuen egitarauaren 18. edizioa bihar hasi eta apirilaren 13ra arte luzatuko da. Zehazki, Bilboko Udalak antolatutako egitaraua Bilboko Elkarte Filarmonikoan gauzatuko da eta kontzertuak 19: 30ean hasiko dira.

Egitarauan bost kontzertu eskainiko dituzte, erlijio-musikan eta musika barrokoan espezializatutako bertako eta nazioarteko interpreteek. Sarrerak ohiko bideetatik eskuratu ahalko dira, 7 euroko prezioan.

Programazioa bihar hasiko da (apirilak 9, larunbata), Ensemble Diderot ganbera-musika barrokoko talde frantsesarekin. Johannes Pramsohler biolinistak sortutako taldea Europako ganbera-musikako talde garrantzitsuenetako bat da, eta barrokoko musika-tresnekin jo ohi du. Christ ist erstandem izenburupean, Johann Pachelbel-en eta Heinrich Ignaz Franz Biber-en obrak eskainiko dituzte, Pazkorako musika alemanaren atalean.

Apirilaren 10eko kontzertuaren izena Lamentation-Consolation da, eta Nordic Voices taldeak eskainiko du: sei kideko a capella ahots-taldea, Oslokoa (Norvegia). 1996an eratu zuten, eta, harrezkero, ospea eta fama handia hartu ditu, bere generoan munduan den ahots-talde onenetako bat denez gero. Kontzertu horretako lehen zatiko testuak, Lamentation, gaurko egunera estrapolatu litezke. Kontzertuaren bigarren zatian, Consolation, beren garaiko konpositore handienetako biren musika entzun ahalko dugu: Heinrich Schütz eta Tomás Luis de Victoria. Gainera, Norvegiako musika garaikideko konpositoreen musika abestuko du taldeak.

Apirilaren 11n (astelehena), BASek Ludovice Ensemble talde portugaldarraren kontzertua eskainiko du —Eduarda Melo (sopranoa), Marta Vicente (violonea) eta Fernando Miguel Jalôto (organoa)—: Tenebrae factae sunt, non Michel-Richard de Lalanderen obrak nabarmentzen diren. Programa osatzeko, Frantziako hiru organo-jotzaile garaikide handiren obrak joko dituzte: Marchand, Raison eta Du Mage. Ludovice Ensemble Antzinako Musikan espezializatutako taldea da. 2004an sortu zuten, XVII. eta XVIII. mendeetako ganbera-musika, ahozkoa eta instrumentala, ezagutzera emateko, antzinako musika-tresnak erabiliz.

Apirilaren 12an, berriz, Sozietate Filarmonikoak ¡Furor Sacro! Pasión y éxtasis en la música sacra del Barroco (Musika sakratuaren uholdea! Pasioa eta extasia barrokoko musika sakratuan) kontzertua hartuko du, Propitia Sydera taldearekin, María Espada-rekin (sopranoa) eta Pedro Gandía Martín-ekin (biolina eta zuzendaritza). Talde horretako kideek nazioarteko eszenako talde barrokoekin jotzen dute (Hesperion XX, Cafe Zimermann, Sevillako Orkestra Barrokoa, Musiciens du Louvre, Zefiro, Das Neue Orchester€) eta hainbat musikarirekin aritu dira: Wilbert Hazelzet, Alfredo Bernardini, Saskia Salembier, Petros Bakalakos... Emanaldiaren errepertorioan, Antonio Caldara, Georg Friedrich Haendel, Arcangelo Corelli eta Antonio Vivaldi-ren lan sakraturik esanguratsuenak daude.

Edizio honen egitaraua hilaren 13an amaituko da, Ostegun Santuaren bezperan, Les Arts Florissants - William Christie taldearen eskutik. François Couperin-en Leçons de Ténèbres (Aizaroen lezioak, Asteazken Santurako) kontzertua eskainiko dute, ahots baterako eta bitarako —obra hori ondo baino hobeto ezagutzen du Les Arts Florissants taldeak—.