Bi urte baino gehiago pasatu egin dira koronabirusaren pandemia hasi zenetik, eta oraindik badaude covid-19aren aurkako txertoak ez dituzten herrialdeak. Bada, herrialde horiei laguntzeko, Bilboko Udalak 150.000 euroko dirulaguntza emango dio Unicef Fundazioari, garapen-bidean dauden herrialdeetarako koronabirusaren aurkako txertoen programa kudeatzeko.
Itziar Urtasun Lankidetza eta Bizikidetzako zinegotziak azaldu duenez, “herrialdeen arteko desberdintasunen arrakala murrizteko premia dago, batez ere osasunaren arloan, oinarrizko eskubidea baita. Bilbok, uri solidarioa den aldetik, lagundu nahi du diru-sarrera txikiko eta ertaineko herrialdeek txerto horiek eskuratzeko aukera izan dezaten. Elkartasuna eta baterako lana ezinbestekoak dira bizi dugun krisi sanitario humanitarioari aurre egiteko, eta Bilboko Udalak ez du aldemenera begiratuko”.
COVAX mekanismoko (covid-19aren aurkako txertoak berdintasunez jasotzeko mekanismoa) kideekin batzarrak egin dira eta Bilboko Udalak erabaki du lankidetza hau UNICEF Fundazioaren bidez kudeatzea. UNICEFen parte hartzeak asko errazten du bitarteko gutxi dauzkaten herrialdeek txertoak eskuratzea.
Dirulaguntza horrekin, Bilbok lagundu egingo du Covid-19aren aurkako txertaketa indartzen eta garapen bidean dauden eskualdeetan haren osasun-ondorioei aurre egiten, hala nola Bolivian; izan ere, Bolivia azken lekuetan dago txertatutako biztanleriaren kopuruari dagokionez. Biztanleriaren % 33k soilik dauzka txerto guztiak jarrita.
Lankidetza eta Bizikidetza Sailak azaldu du laguntza ekonomiko hori txertoak erostera eta banatzera bideratuta dagoela, bai eta osasun-zerbitzuei jarraitutasuna ematera ere, biztanleria osoarentzako txertaketa eraginkorreko kanpainak egiteko ahaleginak indartuz. Ildo horretan, Urtasunek adierazi du “kontua ez dela soilik txertoak herrialde pobretuetara bidaltzea; UNICEFek egindako lan handiaren bidez, bermatzen dugu herrialde horietan hotz-kateari eustea, txertoek propietateak gal ez ditzaten, eta, gainera, mediku espezializatuak egotea txertoak eman ahal izateko”.
BILBAO 2022 PLANA
Bilboko 2022rako udal-aurrekontuetan 38.000 euroko dirulaguntza bat dago GAVI Txertaketaren eta Immunizazioaren aldeko Munduko Aliantzarentzat; orain, 112.000 euroko dirulaguntza gehigarria emango da.
Udalak, Bilbao 2022 Planaren barruan, garatzeko bidean dauden eskualdeei laguntzeko konpromisoa hartu du. Plan hori 2022ko urtarrilean onartu zen, “Bilbao 2022 Plana: 21 neurri Covid-aren ondorioen kontra" izenarekin, 2022ko lehen seihilekorako eta Bilboko gizartea, ekonomia eta kultura suspertzeko eta inor atzean ez uzteko helburuarekin.