Bilboko Udal Txistulari Bandak neguko kontzertuen zikloa agurtuko du "Eki Izpiak" ikuskizunarekin. Zehazki, datorren astelehenean, martxoak 7, izango da Euskalduna Jauregian. Azaldu dutenez, ikusleen parte hartzea funtsezkoa izango da, ikusleekin kantatzea baitute helburu, euskal kantutegiko pieza zahar eta berriekin.

Ohiko kantu ezagunenez gain, publikoak Xabier Saldiasekin batera gozatu, entzun eta abestu ahal izango ditu bere ibilbide osoan zehar Egan taldea ospetsu egin duten abestietako batzuk. Iñar Sastre pianistak eta Gorka Eskauriaza baxu-jotzaileak ere parte hartuko dute kontzertuan.

Horrela, txistua, baxu elektrikoa eta pianoa protagonista direla, eta Iñar Sastre, Xabier Otaolea eta Xanet Arozenaren moldaketekin, guztiek ezagutzen dituzten euskal konposizio handiak interpretatuko dira, besteak beste, "Euskal Herrian euskaraz", "Oi ama Euskal Herri", "Ikusi mendizaleak", "Xalbadorren heriotzean", "Egun da Santimamiña", "Gora ta gora beti" edo "Mexiko".

Hitzordua, esan bezala, martxoaren 7an izango da, 19:00etan, Euskalduna Jauregiko 0D aretoan. Sarrerak dagoeneko salgai daude Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan. 2 euroko prezioa dute, gehi kudeaketa-gastuak (1,50 euro), publiko orokorrarentzat.

Egungo osasun-egoera dela eta, nahitaezkoa izango da musukoa erabiltzea bertaratzen diren guztientzat, 3 urtetik gorako umeak barne. Musuko higieniko, kirurgiko edo FFP2 homologatuekin sartu beharko dute. Aretora arinago sartzeko behar besteko aurrerapenarekin etortzea gomendatzen da.

Kontzertu honekin denboraldi honetako Euskalduna Jauregiko emanaldien programari amaiera emango zaio. Datozen hilabeteetan, hitzordu ugari izango dira aire zabalean. Horien artean apirilaren 14koa, Basque Fest jaialdiaren barruan. Batetik, Kantujira bat egingo da Bilboko Alde Zahar eta 7 kaleetan zehar (12:00etan) eta bestetik, 18:00etatik aurrera, "Dizdira" ikuskizuna eskainiko da Arriaga Plazan, Aitor Furundarena akordeoi jolea, Sestaoko Birakari konpartsako erraldoiak, Oinkari Dantza Taldea eta Ohiana Iguaran bertsolaria lagun izango dutelarik.