Ia 3 milioi euro bideratuko ditu Bilbok Rodríguez Arias kalea berritzeko
Bilboko Udalak inbertsio garrantzitsu bat egingo du Rodríguez Arias kalea berrurbanizatzeko. Guztira 2.852.984 euroko aurrekontua bideratu egingo du Udalak, eta aurreikusita dago lanak zortzi hilabete inguruko iraupena izatea. Obra hauekin, Udalak inguruaren irudi urbano, moderno eta dotorea eman nahi du, Kale Nagusiaren inguruko merkataritza-eremuaren osagarri izan dadin.
"Asmoa da kalitatezko hiri-eremu berri bat sortzea, paseatzeko, elkarrizketarako, atseden hartzeko eta erakusleihoaren esperientzia gozatzeko, betiere inguru hartan bizi diren bizilagunen bizimoduarekiko orekan eta begirunez", adierazi du gaur goizean Juan Mari Aburto alkateak.
"Kalearen transformazioa osotasunezkoa izango da, eta hiri-proiektu baten moduan pentsatu da", zeren eta obretan sartuko baitira, orobat, Lojendio, Gardoki, Telesforo Aranzadi eta Máximo Aguirre kaleekiko loturak ere, haiei balioa emanez.
Halaber, etorkizunerako asmo bat da, eta uriko erdialdeko kale batzuk lotzeko xedea du, eta, gainera, Abandoko geltokitik etorriko diren pertsonen etorrerari harrera egin nahi die, "hau da, egungo eta, batez ere, etorkizuneko lurpeko geltoki intermodaletik etorriko den jendearen etorrerari", adierazi du Aburtok.
Proiektu honekin, kaleak eutsi egingo dio lehendik duen merkataritzazko nortasunari, baina "oinezkoari emanez lehentasuna". Areago, tarte eta une batzuetan, oinezkoaren erabilera izango da nagusia, ibilgailuen zirkulaziorako erabilera ahaztu gabe, dela iragatekoa, dela sartzekoa.
"Areagotu egingo da % 50ean oinezkoen eremua, egungoaren aldean, Rodríguez Arias kalean". Horretarako, "handitu egingo dira espaloiak, eta egoteko leku berriak sortuko". Bestalde, eutsi egingo zaio ibilgailuen zirkulazioari, baina hura baretuz. Era horretan, "zirkulazioa errei bakarrean baino ez da izango, Portuko markesa eta Elcano kaleen arteko tartean izan ezik".
LEHENENGO FASEA: ERREKALDE ZUMARKALETIK CAMPUZANO PLAZARA
Obrak faseka egingo dira; hala ere, kale osoa diseinatu da proiektuaren koherentziaren alde.
Lehenengo fasean --Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotziak eman ditu xehetasunak--, "Errekalde zumarkalearen eta Campuzano plazaren arteko tartea urbanizatuko da, eta baita ere haiekiko perpendikular doazen kaleekiko loturak", hau da, Iparraguirre eta Máximo Aguirre kaleekiko loturak (eta Máximo Aguirre kalean, Achúcarro doktorea kalera arteko lotura). Guztira, "6.000 metro koadroko eremua esparru horretan".
Tarte horretarako plataforma bakarra proposatzen da, oraingo kalearen kota espaloiaren mailaraino jasoz. Era horretan, aukera izango da une zehatz eta jakinetan kalea ibilgailuen zirkulaziorako ixteko, garajeetarako izan ezik, hala nola kanpaina berezietan, merkealdietan...
Lehen fase honek hartzen duen eremu osoan urritu egingo da ibilgailuen erabilera, eta errei bakarrean baino ez da izango. Horrela, espaloiak 4,5 metro arte zabaldu ahal izango dira, eta egoteko gune berriak sortu ahal izango dira.
Hala, lehenengo fase honetan, ia beste 1.000 metro koadro erantsiko zaizkio oinezkoen erabilerarako eremuari, egungo 3.040 m-etatik egoera proiektatuan izango dituen 3.957 m-etaraino.
Kalearen irudia dotorea eta modernoa izan dadin, eta irudi horrek zoladura ez ezik hiri-altzariak eta argiteria ere har ditzan, material bikainak hautatu dira, hala nola haitzurdina (zoladuran), zura, burdinurtua eta harria (hiri-altzarietan), eta argiztatze-gailu abangoardiakoak ere bai.
Zoladurako haitzurdinak hiru tonu izango ditu, gris argia, gris iluna eta arrosa, eta nahasketa kromatiko horrek uhin joko bat eragingo du, espaloian bata bestearen segidan joango diren guneak bereiziz eta definituz.
Zuhaitzek ere garrantzia izango dute egoteko eremu horiek definitzean. Bi espezie hautatu dira, bat berdea eta ertaina, espaloietarako: astigar arrunta; eta bestea gorrixka, bidegurutzeetarako: Freeman astigarra.
Hiri-altzariei dagokienez, molde klasikoa izango dute, eta EAEko Irisgarritasunaren Legeari egokituak izango dira. Bidegurutzeetan doi bat aldatuko dira, corten altzairuzko landare-ontziak ipiniko baitira, eta haietako batzuek jarlekua izango dute itsatsita, eta, hala, gune horiek egoteko guneak izango dira, aldez.
Txorkoek ondo emango dute landare-ontziekin, eta jarlekuak burdin galdatuzkoak izango dira, eta Elondo zurezko bukalanak izango dituzte. Jarlekuak bi neurrikoak izango dira, eta txandakatu egingo dira: 1,80 m luze batzuk, 55 cm luze besteak, hurrenez hurren; konbinazio desberdinetan atonduko dira kalean zehar.
Argiztapena ere egokitu egingo zaio kalearen estetika berriari. Fatxadako argi guztiak kenduko dira, eta argiak lurzoruaren mailan ipiniko.
Argiztapen dotore eta funtzional bat diseinatu da espaloi- eta kale-inguruneetarako. Horretarako, eredu berri bat hautatu da Bilbon, nortasuna eta berezitasuna emanez Rodríguez Arias kaleari.
AURREKONTUA ETA DIRULAGUNTZA
Obraren fase hau datozen egunetan aterako da lizitaziora, eta 2.852.984 euroko aurrekontua (BEZ barne) izango du, eta zortzi hilabetean gauzatzeko izango da.
Nabarmendu beharrekoa da Bilboko Udalak 619.835 euro jasoko dituela proiektu honetarako, Europako erakundeen dirulaguntza jaso baitzuen "Merkataritza jarduera indartzea turismo-guneetan" izeneko dirulaguntzetarako deialdiaren barruan.