Síguenos en redes sociales:

Ahalduntze-eskola bat sortuko du Udalak Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan

Ahalduntze-eskola bat sortuko du Udalak Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetanBilboko Udala

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan ahalduntze-eskola bat sortzea izango da Bilboko Udalaren erronka nagusienetariko bat hasi berri den urte honetan. Ekimen hau Zubirik Plana 2021-2025 delakoaren barruan garatuko da.

Berdintasun Sailak prozesu bat abiarazi du, Bilboko eremu horretan eraiki daitekeen ahalduntze-eskolaren beharrizanak zeintzuk diren jakiteko eta bertako edukiak diseinatzen hasteko. Bilboko hiru auzo horietan lan egiten duten zenbait eragilek hartuko dute parte aipatutako prozesuan.

Horretarako, talde eragile bat eratu da, honako kolektibo hauekin: Nevipen, Galtzagorri, Pikara Magazine eta Berdintasun Sailaren ordezkariak. Ekarpenak egingo dituzte, eta ekintzak kontrastatzeko lana ere bai. Eragile horiek deialdi ireki batean parte hartu zuten joan den urtarrilaren 17an, San Frantziskoko Udaltegian.

PARTE-HARTZE BIDEZKO PROZESUAK, HIRU FASE

Hiru fasetan banatu da parte-hartze bidezko prozesua. Lehenengo fasean, zerbitzua jasoko dutenen beharrizanak eta interesak identifikatuko dituzte. Bigarrenean, bildutako informazioa aztertuko dute. Eta hirugarren eta azken fasean, Eskolan jorratuko dituzten gai eta jarduerak zehaztu, eta lehen ikasturteko egitaraua finkatuko dute.

Hasiera batean, beraz, otsailean zehar auzo horietan bizi diren emakumeek identifikatutako beharrizanak bilduko dituzte, bi bidetatik: alde batetik, galdetegiak egingo dituzte kalean, bi egunetan zehar, hiru puntu esanguratsutan (Fleming Doktorearen plaza, San Frantzisko eta Mirasol Kondea kaleen arteko bidegurutzea, eta Miribilla Eskolako jolastokia). Eta, beste alde batetik, eztabaida-talde bi antolatuko dituzte, ordutegi desberdinetan —ahalik eta emakume gehienek parte har dezaten—.

Gainera, galdetegiak egingo dizkiete auzo horietan emakumeak artatzen dituzten entitateetako teknikariei; eta emakume auzotarrentzako galdetegia banatzen hasiko dira, paperean eta linean, emakumeentzako arreta-zerbitzuetako eragileen bitartez, kultu-tokietan eta abar.

Gero, martxoan, Udalak prozesuari eta bere ondorioei buruzko informazioa helaraziko die parte hartu duten emakumeei. 2022ko lehen seihilekoan, beraz, Ahalduntze Eskolak ekar dezakeenaren lehen zirriborroa landu ahalko dute.

PARTE-HARTZE BIDEZKO PROZESUA, EMAKUMEEN AHOTSA ENTZUNARAZTEKO

Prozesuaren bidez, erdigunean jarri nahi dituzte Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako emakumeen beharrizanak, eta, horretarako, haien iritzia jasoko dute, zenbait metodoren bitartez.

Era berean, Berdintasun Sailak azaldu duenez, ekimenak emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa sustatzea ahalbidetuko du —eremu publikoan ere bai—, sareak sortuko ditu, indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea bultzatuko du, eta aniztasuna aitortzen lagunduko du, bermatuz emakume guztiek izan dezatela eskainitako zerbitzuak erabiltzeko aukera eta agerian jarriz hiru auzo horietako kultura-aberastasunaren balioa.

AHALDUNTZE-ESKOLA

«Ekimen honek bilatzen du mugimendu feministaren eskaerei erantzutea: emakumeentzako gune eta denbora propioak aldarrikatzen dituzte, argudiatuz beren eremu horiek uria eta emakumeak eurak eraldatzea sustatzen dutela», esan du Nekane Alonso Bilboko Udalaren Berdintasuneko zinegotziak, zeinak, bide batez, aldarrikatu duen «emakumeok gizartean dagokien lekua» hartu behar dutela «izaki boteretsu, jakintsu eta sortzaile gisa; berena ere baden espazio batean askatasunez mugitzeko gai diren izaki gisa».

Zentzu horretan, ahalduntze-eskolak emakumeen elkargunea eta prestakuntza-tokia dira. Ikasteko aukera ematen dute, eta genero-desberdinkeriaren gaineko sentsibilizazioa lantzen dute, eta emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa sustatzen dute, ahalduntzerako bide gisa.

«Eskola horien gakoetako bat da ekimena zuzentzen zaien emakumeen ezaugarri sozialetara eta inguruabar pertsonal, sozial eta kulturaletara egokitzen direla», zehaztu du Nekane Alonsok.

Gainera, zinegotziak azaldu duenez, Bilbo Zaharraren, San Frantziskoren eta Zabalaren kasuan, hainbat beharrizan dituzte: toki fisikoa, denbora, materialak, hizkuntza-beharrizanak, irisgarritasunaren alorrekoak eta edukienak. Eta kultura-aniztasuna nagusi den testuinguru hartan, gainera, handiagoa da zaurgarritasun-egoeran dauden emakumeen ehunekoa. Horregatik guztiagatik, «garrantzitsua da ikuspuntu intersekzionala txertatzea, aintzat hartzea zerbitzua erabil dezaketen emakume-tipologia desberdinak, eta bermatzea baldintza berak izango dituztela denek, zerbitzua erabiltzeari dagokionez».

«ZUBIRIK 2021-2025» PLANA

Bilboko Udalak «Zubirik 2021-2025» dauka martxan: Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetarako plan berria. Bere helburu nagusia da uriko auzo horietan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzea, eta gunearen dinamizazio sozialean ardaztutako ekimena da.

Ahalduntze Eskola Plan horretako 36 neurri espezifikoetako bat da. Guztira, 7,3 milioi euroko balioa dute neurri horiek, eta datozen lau ekitaldietan garatuko dira (2025era bitarte). Zenbait eremutan eragiten dute: arlo soziala, hirigintza, osasuna, mugikortasuna, merkataritza, hezkuntza, prestakuntza, enplegua eta berdintasuna.

«Zubirik Plana» guztiz bat dator Bilboko Udalaren 2019-2023ko Agintaldi Planarekin. Biek bilatzen dute pertsona ororentzat, auzo guztientzat eta jarduera ekonomikoarentzat izango den Bilbo bat eraikitzen jarraitzea. Bilbo gero eta kohesionatuagoa sortzea, gero eta konprometituago egongo dena jasangarritasunarekin eta auzo guztietara iristen diren kalitatezko zerbitzuekin. Inbertitzeko eta enplegua sortzeko erakargarria izango den Bilbo bat, balio sendo eta partekatuak dituena (horien artean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna nabarmenduta).

Era berean, Plana bat dator Balioen Gutunarekin (Bilbao Balioen Hiria) eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH).