Ezagutzera eman dira dagoeneko uriko arte eszenikoen arloan ikerketa eta berrikuntza sustatzea helburu duen 'Artistentzako egonaldiak' programaren aurtengo edizioaren hiru irabazleak.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak -lagun dituela Gonzalo Olabarria, Kultura eta Gobernantzako zinegotzia, Justo Ezenarro, Bilboko Udaleko Kultur Programazioko zuzendariordea eta Alicia Ochandategui, kultura arloko programatzailea eta BAD jaialdiko zuzendaria- harrera egin die aurtengo edizioko irabazle suertatu diren Raquel Durán eta Rut Briones Gueada Estudiokoei eta María Andrési. Bestalde, Itziar Manero artista modu telematikoan izan da harrera-ekitaldian.
Hori proiektu irabazleetako bakoitzak 4.000 euro jasoko ditu eta gainera, hautatutako artistek aukera izango dute beren sorkuntza prozesuak aurkezteko publiko orokorraren edo sektoreko profesionalen aurrean, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Jaialdiaren hurrengo edizioan edo Udalaren beste edozein ekimen eszenikoren barruan.
Horrez gain, gehienez ere 25 eguneko egonaldia egiteko aukera izango dute, eta oso modu trinkoan, aurkeztu eta hautatua izan den proiektu artistikoaren arabera. Egonaldiak BilbaoEszenaren lokaletan eta arlo eszenikoko uriko beste espazio batzuetan egingo dira.
PROIEKTU IRABAZLEAK
- "Memoria", Itziar Manerorena
Proiektu hau sortzen da Memoria zer den aditzeko gogotik. Memoria, bakoitzarena edo kolektiboa, biologikoa, historikoa, soziala. Amama baten eta iloba baten arteko elkartzea da. "Saio bat da, galderak egiteko, elkar ezagutzeko, agur esateko eta zaintzeko, amamaren memoria desagertu baino lehenago egin behar baita, memoria hori berarena izaki; ordea, bada belaunaldi oso baten memoria kolektiboaren zati bat ere". Eszena-lan honek gaztelaniazko eta euskarazko emankizunak izango ditu, eta asmoa da 2022ko ekainean estreinatzea.
Itziar Manerok Sleepwalk Collective konpainiak zuzendutako hainbat produkziotan parte hartu du. Bere lehen estreinaldia "So you Want to be a rock'n roll star" izan zen, vis a vis antzezlan bat Conde Duque auditorioan. Zuzendari kide, dramagile kide eta antzezle gisa estreinatu zuen "Éramos unos niños que escuchaban música en su cuarto también en Madrid". Gaur La Tristura konpainiarekin egiten du lan, Future Lovers izeneko antzezlanean, eta baita El Pont Flotant konpainiarekin ere, Acampada antzezlanean, nazioarteko birak eginez. Produkzio propioa izango du hau, bakarkakoa, eta La Tristura konpainia ezagunaren aholkularitza izango du hemen ere.
- "El Mejor de los Mundos", Estudio Gheadarena
"El Mejor de los Mundos" antzezlanean, emakume bat esertzen da kamera baten aurrean, auto-erretratua egiteko asmoarekin. Ikusten duen munduaren aurrean nola eseri beharko lukeen erabakitzen ari den bitartean, bere buruaren bertsio honetara ekarri duten esperientzien ebaluazio bat egiten du, eta aztertzen bere buruaren zer beste bertsio izan ahal izan ziren. EMDLM eszena-proposamen teknologiko bat da, eta, beraren bidez, ikusiko dugu nola eraikitzen den ikus-entzunezko auto-erretratu bat zuzenean, protagonistak bizi izandako esperientzien arabera aldatzen den antzezpen bat. Oholtzaren gainean, elkarrizketa bat izango da antzezlearen eta teknologiaren artean, eta horrek lagunduko dio bere auto-erretratu hori eraikitzen, kanpoko publiko abstraktu eta urruneko batek kontsumi dezan, gure gailuen pantailen atzean ezkutaturik. Proiektua 2018an sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak babestutako ikus-entzunezko instalazio artistiko baten moduan, eta, orain, eszenaren arloko proposamen bat bilakatu da.
Gheada estudio artistiko bat da, Raquel Duránek eta Rut Brionesek eratzen dutena; igerian ibiliko dira ikus-entzunezko instalazioaren, bideo-artearen eta eszena-arteetarako proiekzioen diseinuaren ertzetan. Arian-arian, murgiltze-, performance- eta elkar eragite elementuak sartuko dituzte. Mugitzen den irudiaren hizkuntza darabilte gogoeta egiteko egungo mendebaldar gizartearen gainean. Bere lanaren xede nagusia da ikertzea zer zeregin duen banakoak kolektibitatearen barruan eta ikertzea orobat binomio horretan ezinbestean sortzen diren sinergiak, paradoxak, trukeak eta inkongruentziak.
- María Andrés: "LaRutan"
"Rosas to dance" lanak ibilaldi historiko bat egin nahi du maisulanak izaki dantza garaikidearen kultur ondarearen oinarriak ezartzen dituzten eszena arloko lanetan zehar. Denboraren trazu horri, gainera, umorea eta koreografia-hizkuntza erantsi nahi zaizkio, LaRutan konpainiak atzen urteetan hizkuntza propio moduan landu duen hori. Maria Andres Sanzek zuzentzen du LaRutan, eta konpainiaren errepertorioan, dantza eta performance arloko lan hauek daude: "Depuiller" (2012); "Taito-ku" (2015); "Out Of The Blue" (2015); "Blue Power" (2016); "Nosotros, los que sabemos" (2017), "Out Of The Blue II" (2019) eta "BakarBat" (prozesuan).
Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak sorkuntzarako zenbait laguntza eman izan dizkiote konpainia honi, eta, bestalde, Estatuan ere hainbat sari irabazi izan ditu, eta Estatuko nahiz nazioarteko hainbat feria eta jaialditara gonbidatu izan dute.
ARTISTENTZAKO EGONALDIAK
"Artistentzako egonaldiak" programa duela hamahiru urte abiarazi zen ekimen bat da, xedetzat duena Urian arte eszenikoen arloko ikerkuntza eta berrikuntza sustatzea. Xede nagusia, beraz, laguntzea da, eremu eszenikoan sorkuntza edo ikerkuntza prozesuak garatu nahi dituzten entitate artistiko edo banakako artista guztiei baliabideak eskainiz (dirulaguntzak, baliabide teknikoak, formazioa, gidaritza eta beste), batez ere eszena berriekin zerikusi handiena dutenei, interes berezi bat dutenei eta arlo anitzetakoak direnei, ardatz nagusia, betiere, antzerkia eta/edo dantza direlarik, eta bazterrera utzi gabe jardun tradizionalekin zerikusia duten proiektuak, hala nola kaleko antzerkia edo zirkua.
Programa honen bidez, Bilboko Udalaren xedea da, alde batetik, sorkuntza artistikoa sustatzeko ekimenak bideratzea eta babestea. Eta, bestetik, eremu eszenikoa bektore nagusitzat duten ikerkuntza- eta garapen-prozesuak indartzea, bereziki dramaturgia berriekin zerikusia dutenak. Era berean, sormenerako talentuak hauteman eta atxiki nahi ditu, ekoizpena garatzeko prozesurako sarbidea erraztuz.