Martxan da berriro Bilboko autobus turistikoa
BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta zerbitzua eten behar izan ondoren, martxan da berriro 'Bilbao City View' izeneko Bilboko autobus turistikoa.
'Bilbao City View'ek 55 minutuko bidaia interaktiboa egiten du. Ibilbidea Guggenheim Museoan hasten da eta uriko hamaika puntu hauetatik pasatzen da: Guggenheim Museoa, San Mames, Itsas Museoa eta Euskalduna Jauregia, Arte Ederren Museoa, Azkuna Zentroa, Kale Nagusia, 7, Arriaga Antzokia, Erriberako Merkatua, Udaletxea, Zubizuri eta Artxandako Funikularra eta Deustuko Unibertsitatea. Ibilbidearen planoa QR kode baten bidez ere ematen da.
Ekainetik irailera, ordu erditik ordu erdira aterako da autobusa, 10:30ean hasi eta 19:30era bitartean. Gainerako hiletan, behe-denboraldikoak direnez gero, orduro aterako da autobusa, 10:30ean hasi eta 19:30era bitartean.
Txartelak 15 euro balio du helduentzat, 7 euro 6 eta 12 urte bitarteko gazteentzat eta doakoa da 6 urtetik beherako umeentzat. Autobus turistikoa uria modu eroso eta eskuragarrian ezagutzeko aukera ezin hobea izan dadin, txartelak 24 orduko balioa izango du lehen aldiz erabiltzen edo balidatzen denetik. Txartelak busean bertan, Bilbobuseko informazio-bulegoan eta BIlbobuseko kabinetan eros daitezke. Internet bidez ere eros daitezke, zerbitzuaren webgunean.
Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak ibilgailu horiek egokitu ditu erabiltzaileentzat eta gidarientzat, osasun- eta segurtasun-protokoloak betetzen direla bermatzeko. Izan ere, autobus turistikoak Aenor (Asociación Española de Normalización y Certificación) ziurtagiria du covid-19aren aurkako kudeaketa-protokoloetan. Horrela, egiaztatuta geratu da udal-zerbitzua protokolo egokiak aplikatzen ari dela covid-19aren aurrean, eta bere zerbitzuak ahalik eta higiene eta osasun berme handienekin egiten direla.
AUTOBUS IRISGARRIAGOAK ETA JASANGARRIAGOAK
Bidaia turistiko hauek egiten dituzten ibilgailuek bi solairu dituzte, panoramikoak dira eta euria egiten duenerako jarri eta kentzeko sabai erretraktila dute.
Autobus turistikoek 71 plaza dituzte eta irisgarriak dira. Gurpildun aulkietan doazen pertsonentzako arrapala dute, eta mugikortasun urriko pertsonentzako 2 aulki. Autobusetan eskura daude zeinuak interpretatzeko zerbitzua, bukle magnetikoak eta ahots-mapa, baita ikus-ukipen bidezko planoa ere bai. Ibilgailuek wifia dute.
AUDIO-GIDA
Autobus turistikoak audio-gida zerbitzu osoa dauka bidaiariek autobus turistikoaren ibilbideko puntuen eta Bilboren historia eta informazio garrantzitsuena ezagutu ahal izateko. Informazioa 13 hizkuntzatan dago eskuragarri: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemana, italiera, portugesa, japoniera, errusiera, txinera, arabiera, galiziera eta katalana. Bisitariek uriaren historia eta berezitasunak ezagutu ahal izatea da helburua, eta horretarako informazio guztia hainbat hizkuntzatan eskuratzeko modua dute.
Temas
Más en Bilbao
-
Un rodaje ocupará un carril de circulación y el aparcamiento en una calle de Bilbao
-
Del paraguas al abanico: así será el tiempo en Bizkaia esta semana
-
Empieza la cuenta atrás para el Bilbao BBK Live: este lunes arranca el canje de pulseras
-
El bilbaino Mikel Herce será la voz en Europa de la juventud vasca