Síguenos en redes sociales:

Meltxor, Gaspar eta Baltasar bihar hiriburutik aterako den kabalgatarako prestatzen ari dira

Gaur goizean iritsi dira Bilbora eta Udalak Arriaga Antzokian jaso ditu

Meltxor, Gaspar eta Baltasar bihar hiriburutik aterako den kabalgatarako prestatzen ari diraJosé Mari Martínez

BILBO. Ekialdeko errege magoak Bilbon dira dagoeneko. Gaur goizean, Arriaga Antzokian izan dira, beren segida berezia lagun, eta harrera egin die Itziar Urtasun Udaleko Jaien Saileko zinegotziak. Meltxor, Gaspar eta Baltasar ume guztientzako ustekabe bete zorrorekin iritsi dira Bizkaiko hiriburura. Errege magoek, gainera, mezu argi-argi bat ekarri dute: “gehiago egin behar dugu olgetan familiarekin, adiskideekin, berba gehiago egin eta alde batera utzi horrenbeste pantaila.

Antza denez, elkarri begietara begiratzea ez dago boladan. Eta, axola handikoa, jostailuak berrerabili egin behar ditugu, eta anaia-arreba, lehengusu eta adiskideekin partekatu”.

Bilera horretan, Errege Magoek aukera baliatu dute Udalarekin berba egiteko biharko kabalgatarako prestatu beharreko azken xehetasunen gainean (ilbaltzaren 5ean izango da, 18:00etatik aurrera, eta Bilboko kale nagusian zehar joango da Udaleraino).

Errege Magoek lan asko izango dute bihar, ilbaltzak 5, zapatua. Goizean, Basurtoko ospitalera joango dira, 12:30etik aurrera han behar dute-eta, ospitalean dauden umeak agurtzeko eta haiei eta haien familiei desira onak opatzeko.

Arratsaldean izango da kabalgataren unea, 18:00etatik aurrera. Zinema izango da desfilearen ardatza. Peter Pan eta Txilintxo, eta Kako-oker kapitaina; Galaxietako Gerrako eta Legión 501eko protagonistak; komikietako pertsonaia eta superheroiak; “Mundu Jurasikoko” dinosauroak; “Frozeneko” Elsa, Anna eta Olaf; eta “Toy Storyko” jostailuak izango dira Kabalgatako protagonistak, pantaila handiko istorioak iradokizun.

Usadiozko izarraren karrozak, Posta Saila, Ice Dance eta jostailuak ere han izango dira, eta, jakina, segidaren buruan, atzeko aldetik, Errege Magoen karrozak eta Gozokien Fabrika joango dira, gluten gabeko 3,5 tona gozoki banatzen.

KABALGATAREN ORDUTEGIAK

  • 18:00 h: Kabalgata abiatzea, Kale Nagusitik, Maria Diaz de Harorekin kantoi egiten duen lekutik.?19:30 h: Lehenengo karroza iritsiko da Udaletxera.
  • 19:30 h: Juan Mari Aburto alkateak harrera egingo die Errege Meltxor, Gaspar eta Baltasarri.?19:50 h: Udaletxearen eraikin nagusiko balkoitik agur egitea.
  • 20:10 h: Errege Magoek harrera egitea umeei Arabiar Aretoan.

Kabalgataren ostean, Juan Mari Aburto alkateak eta Itziar Urtasun zinegotziak harrera egingo diete Ekialdeko Errege Magoei Bilboko Udaletxeko sarrera nagusian, eta hango balkoitik emango dute haiek beren ohiko mezua. Ondoren, 20:10a aldera, umeek, nahi badute, aukera izango dute Errege Magoak bertatik bertara agurtzeko Arabiar Aretoan: errege magoek harrera egingo diete, eta gau hain magiko horretarako dauzkaten gurari guztiak entzungo.

Udaletxeak animazio-talde bat prestatu du zain dauden familiekin jolas egin dezan, Metxor, Gaspar eta Baltasar agurtu bitartean.