BILBO. Bilboko Udalak “Udan primeran kirola eginez” eta “Kanpus berezia” programetan izena emateko epea zabalduko du. Bihar, apirilak 25, zabalduko da izena emateko epea Bilbao Kirolak erakundeko abonatuentzat eta apirilaren 27an abonatuak ez direnentzat. Udal kiroldegietako makinetan edo www.bilbaokirolak.com webgunean eman behar da izena.

Bilbo Kirolak erakundeak antolatzen ditu udalekuak, 6 eta 18 urte bitarteko adingabe eta gazteentzat (2012-2005). Guztira 2.220 plaza dira eta horietatik 30 plaza dibertsitate funtzionaleko adingabekoentzat dira. Kasu horretan, GAITUZSPORT Kirol Egokituaren Euskal Federazioaren bidez eman beharko da izena (telefonoa: 622 022 063).

Bilboko Udalak udaleku horiek sustatzen ditu umeek aisialdirako aukerak izan ditzaten udan, adingabekoen artean harremanak egiteko espazioak sortzeko, udan ere kirola sustatzeko eta familiek lana eta bizitza pertsonala bateratu ahal izan ditzaten.

Sartzeko eta irteteko ordutegiak malguak izango dira, goizean 08:30ak eta 09:00ak bitartean, eta 14:00ak eta 14:30ak bitartean. Gaztelania eta euskara erabiliko dira, baina euskara izango da komunikatzeko hizkuntza.

Udaleku horiek ekainaren 25ean hasi eta abuztuaren 10ean bukatuko dira. Interesa daukatenek nahi beste astetan eman dezakete izena. Udaleku horietan, 6 eta 13 urte bitarteko 1.996 umek (2012 eta 2005 urteen bitartean jaiotakoak) kirol hauek egingo dituzte: uretako jokoak, herri jokoak, joko alternatiboak, igerilekua, taldeko kiroletako hastapenak (saskibaloia, eskubaloia, futbola, boleibola, hockeya?), herri kirolak, tenisa eta padela.

Artxanda, Deustu, San Ignazio, Txurdinaga eta Errekaldeko Udal Kiroldegietan egingo dira. Hauek dira “Udan primeran kirola eginez” programako asteko prezioak:

  • Abonatuentzat: bost eguneko astea, 51 euro; lau eguneko astea, 40,80 euro.
  • Abonatuak ez direnentzat: bost eguneko astea, 61,25 euro; lau eguneko astea, 49 euro.

Gainera, programa horretan beste 30 plaza gordeko dira dibertsitate funtzionaleko adingabeentzat. Kasu horretan, jarduera guztiak San Ignazioko Kiroldegian egingo dira, ekainaren 25tik uztailaren 23ra.

196 plaza egongo dira 6 eta 18 urte bitarteko neskato-mutiko eta gazteentzat (2012 eta 2000 urteen bitartean jaiotakoentzat). Artxanda, San Ignazio eta Txurdinagako Kiroldegietan egingo dira, ekainaren 25tik uztailaren 2ra. Kasu horretan ere, interesa daukatenek nahi beste astetan eman dezakete izena. Campus horietan, parte-hartzaileek kirol modalitate hauek egingo dituzte: dantza modernoa, erraketako kirolak, gimnasia erritmikoa, gimnasia artistikoa eta tranpolina.

“Kanpus berezien" kostua 76 eurokoa da abonatuentzat eta 182 eurokoa abonatuak ez direnentzat.

“Udan primeran kirola eginez” eta “Kanpus bereziak” udalekuetan, Udalak autobus zerbitzua jarriko du uriko zenbait lekutatik Artxandako Kiroldegira joateko. Aukeratzen den geralekua joateko eta etortzeko erabili beharko da. Aukerako zerbitzu horretarako 20 euro ordainduko dira.