Síguenos en redes sociales:

José M. Rochinak tuba jardungo du igandean Bilboko udal musika bandarekin batera

“Ozeanoen arteko haizeak” lelopean obra oso ezagunak entzun ahal izango dira

José M. Rochinak tuba jardungo du igandean Bilboko udal musika bandarekin batera

BILBO. Bilboko Udal Musika Bandak igandean, urtarrilaren 21ean, 2018ko lehenengo kontzertua izango du. Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren batutapean eta José M. Rochina tuba bakarlariarekin batera, 45 musikari baino gehiagok, bandako musikaren eta historiaren bidez, hiru kulturetan zehar egingo dute ibilbidea: ingelesa, iparramerikarra eta japoniarra. Kontzertua 12:00etan hasiko da Euskalduna Jauregiko Auditorioan. Bilboko Udal Musika Bandak kontzertu zikloa otsaileko lehenengo asteburuan jarraituko du, hilak 4an, “Desirak batzen” izeneko ikuskizunarekin. José A. Domené harpa jole murtziarrarekin batera, ikus-entzuleek R. Goorhuis, S. Lancen eta J.V. Egearen obrez gozatzeko aukera izango dute.

Oharrak

Ozeanoak ez dira soilik lur-masak banatzeko. Historian zehar, komunikaziorako eta arterako bideak izan dira. 1871n Japoniako kostaldera iritsi zen John William Fenton (1828-1890) musikari militar ingelesa. Aitzindaria izan zen herrialde hartako banden sorreran Meiji Aroaren hasieran. Chang Su Koh egile japoniar gaztearen musikarekin hasiko da igandeko kontzertua. Lament derrigorrezko lana izan zen All Japan Band Contest edo Japoniako banden lehiaketa nazionalean, herrialde horretako banden arloaren bilakaerako ezinbesteko ekitaldia dena. Eta Ingalaterratik Edward Gregson maisuaren Tuba Concerto klasikoa ekarriko du bandak. John Fletcher tuba-jotzaileari dedikatua dago eta brass banderako bertsioaren estreinaldia gertaera gogoangarria izan zen instrumento horretako errepertorioan. Kontzertuko bakarlari gonbidatua José Miguel Rochina, Bilboko Udal Bandako tuba irakaslea izango da.

Bigarren zatian omenaldia egingo zaio XX. mendeko musikaririk handienetako bati: Leonard Bernstein (1918-1990) pianista, pedagogo, konpositore eta orkestra zuzendariari. Haren moldaerraztasun artistikoak eta haren nortasunak aro bat markatu dute XX. mendeko musikaren historian. Emanaldian, berak egindako hiru lanen bandarako moldaketak entzungo dira. 1977an, Bernsteinek obertura adoretsu bat dedikatu zion Mstislav Rostropovich biolontxelista adiskideari. ?slav amaiera daukaten errusiar izendun guztiei Slava esaten zaie familian eta lagunartean, “aintza” esan nahi duena. Rostropovichek berak zuzendu zuen oberturaren estreinaldia Washingtonen, 1977ko urriaren 11n. Ondoren, West Side Story, Bernsteinen musikal eta soinu-bandarik ospetsuenetatik ateratako lau dantza izango dira. Musikal horretan Tony eta Mariaren arteko maitasun-istorio sonatua kontatzen da, New Yorkeko Sharks eta Jets taldeen borroken artean gertatzen dena (Ameriketako Capuleto eta Montescoak). Eta suite baten forman, On The Town musikal eta filmeko hiru atal entzungo dira eta Bigarren Mundu Gerraren erdian hiru marinelek New Yorken igarotzen duten egun bat ikusiko da. Hiru partiturek goratzen dute nortasun musikal paregabeko baten moldaerraztasuna eta bikaintasuna.

Emandaldian, haizeak hiru kultura elkartuko ditu, ingelesa, iparramerikarra eta japoniarra, bandako musikaren eta historiaren bidez. Ozeanoak bildu zituen hango jendea eta ohiturak, eta gaur konplizitaterako pentagrama bihurtzen da.

Tuba: José M. Rochina

Bugarran (Valentzia) jaioa, musika-ikasketak bere sorterrian hasi zituen Unión Musical ikastegian. Ribarrojako (Valentzia) musika Kontserbatorio profesionalan egin zituen erdi-mailako ikasketak, Carmelo Albenca irakaslearekin eta tubako espezialitateko erdi-mailako ohorezko saria eskuratu zuen.

2003an Goi-mailako ikasketak Valentziako Joaquín Rodrigo Goi-mailako Musika kontserbatorioan egin zituen, José Manuel Miñana jaunaren zuzendaritzapean, eta epaimahaikideek aho batez erabaki zuten karrera-amaierako ohorezko saria ematea. Valentziako Elkarte Musikalen Federazioak ematen duen Musikaren EUTERPE saria jaso zuen. Gero, ikasketa gehiago egin zituen David Llácer maisuarekin (Valentziako Orkestrako tuba bakarlaria).

Zenbait hobekuntza-ikastaro eta masterclassak egin ditu, besteak beste, José Manuel Redondo, Luis Gimeno, Lorenzo Rodrigo, Miguel Navarro, Mel Culbertson, Roger Bobo, Jens Bjorg Larsen eta Sergio Finca irakasleekin.

Hainbat talderekin jardun izan du, hala nola, Valentziako Orkestra Sinfonikoarekin, Espainiako Orkestra eta Abesbatza Nazionalak, Extremadurako Orkestrarekin, Donostiako "Musikene" Goi-mailako Kontserbatorioko orkestrarekin, Euskadi Brass metal-instrumentuen taldearekin eta Palma de Mallorcako Udal Bandarekin besteak beste. 2011n Eduardo Nogueroles konpositorearen tuba eta euphoniumerako “The world of dreams” obra bikoitza estreinatu zuen Bilboko Euskalduna Jauregiko Auditoriumean Udal Musika Bandarekin. 2012an artista gonbidatua izan zen Linz-en (Austria) ospatu zen International Tuba and Euphonium Conferencean (ITEC). 2016an irakasle gonbidatua izan zen JUMILLA LOW BRASS jaialdiaren bosgarren edizioan. 2016an eta 2017an irakasle gonbidatua izan zen Laredon (Kantabria) egiten den tuba eta bonbardinoen topaketan.

Gaur egun, tuba bakarlaria da Bilboko Udalaren Bandan.

Zuzendari titularra: José R. Pascual-Vilaplana

Muroko UMko Musika Eskolan hasi zituen ikasketak bonbardinoarekin eta pianoarekin, Alcoy eta Valentziako kontserbatorioetan jarraitzeko. Banda eta orkestra-zuzendaritza ikasi zuen Jan Cober, Eugene Corporon, Karl Österreicher, Hans Graf eta Yuji Yuhasa (Austria) maisuekin. Zuzendari gonbidatua izan da zenbait talde sinfonikotan Alemanian, Argentinan, Belgikan, Kolonbian, Kuban, Eslovenian, Espainian, Holandan, Ingalaterran, Italian, Portugalen, Errumanian, Suitzan eta Estatu Batuetan, beste batzuen artean, Kubako Nazioarteko Banda, Bavierako Jungend Blassorchester, Ljubljanako SAF Band, Holandako Gazteen Banda Nazionala, Banda Sinfoniko Portugaldarra, Buenos Aireseko Udal Banda, Kolonbiako Gazteen Banda Nazionala WASBE Youth Wind Orchestra, Coruña, Alacante, Bartzelona, Bilbo, Castellon, Madril, Pontevedra, Tenerife, Santander, Santiago de Compostelako Udal Musika Banda, Matanzaseko Sinfonika, Murtzia, Vallés eta Castelloneko Orkestra Sinfonikoa, O. CAMERA MUSICAE, Kanaria Handiko O.F., Gaztela eta Leongo eta Albaceteko O.S. (2001-2013 artean zuzendaria). Bilboko Udal Musika Bandaren eta Filharmonia Haize-Orkestrako zuzendari titularra da, Murtziako UCAM Orkestra Sinfonikoko eta Oportoko Banda Sinfoniko Portugaldarra zuzendari gonbidatu nagusiaz gain. Bandako Zuzendaritzaren irakaslea "Vall d'Albaida" Herrialdeko Musika Eskolan zuzendaria da eta Italiako ISEBeko irakasle gonbidatua da. 2009tik aurrera Spilimbergo-ko (Italia) "G.A. Fano" Istituto Musicale-ko Corsi internazionali di perfezionamento musicale ikastaroetako zuzendari artistikoa da.

Lan sinfonikoak, ganberakoak, koralak eta antzerkirako musika intzidentala konposatu ditu. Eldako Banden Lehiaketa 1999, Fira Tots Sants de Cocentaina Koral Lehiaketa 2013, SBALZ 2015 jaialdi ospetsuentzako enkarguak jaso ditu, baita Spanish Brass, Ximo Cano, Luis González, Juan C. Matamoros, Carlos Gil edo Steven Mead bakarlari ospetsuentzako ere. 2006an Valentziak, Rabaten eta Madrilen bakarlari, koro eta banda sinfonikoarentzat berak egindako Balansiyyà musikala estreinatu zuen, Bere musika Espainia, AEB, Holanda, Italia edo Suitako CD desberdinetan grabatu da. "Batuta del Mtro. Tomás Boufartigue" saria eman zioten Habanan 1991n. Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997, eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen "Ignacio Morales Nieva" Musikako Sari Nazionala jaso zuen. www.pascualvilaplana.com