BILBO. Etorkinen Nazioarteko Eguna datorren astelehenean, abenduak 18, denez gero, Bilboko Udalak prentsaren aurrean aurkeztu du atzerriko etorkinei buruzko Udal Erroldako datuen ustiaketaren inguruko txostena.

Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotziak eta José Antonio Oleaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak etorkinei buruz udal erroldak erakusten dituen datuen berri eman dute.

Biztanleen Udal Erroldako datuek diote atzerriko etorkinen pisu erlatiboa aldatu egin dela Bilboko udalerrian. 2012tik aurrera, atzerriko etorkinen kopurua murriztu egin da apurka apurka, baina 2017an joera aldatu eta kopuru horrek gorantz egin du. Izan ere, Bilbok 2016an baino atzerriko 376 etorkin gehiago dauzka erroldatuta (1,5%). Datu hori positiboa da, Bizkaiko hiriburuak sei urte baitaramatza biztanleak galtzen (% -2,2). Gaur egun, atzerriko 26.074 etorkin daude erroldatuta, hau da (% 7,5).

EMAKUMEZKOAK: ATZERRIKO ETORKINEN % 53

Generoari begiratuta, atzerriko jatorria daukaten emakumezkoak gehiago dira gizonezkoak baino eta atzerritarren % 53 dira. Adina hartzen badugu kontuan, 18 eta 64 urte-tartekoak biztanle horien % 81 dira.

Datuak barrutika aztertzen baditugu, atzerritarren bolumenik handiena Ibaiondon dago, Bilboko atzerriko lau etorkinetik batek hori aukeratzen baitu (% 25,6). Bigarren lekuan Errekalde dago, lehentasunezko lekua baita bizitzeko (% 19,5). Izan ere, 2011tik 2017ra arteko tartean, Errekalde da gehien hazi den barrutia: hiru puntu erlatibo baino gehiago irabazi ditu Bilboko atzerriko etorkinetan.

Azkenik, Bilbok 140 nazionalitate dauzka. Bilbon erroldatutako etorkinen jaioterriari dagokionez, 2017an, Kolonbia da ordezkaririk gehien daukan herrialdea (% 12,3). Atzetik datoz Bolivia (% 10,1) eta Maroko (%7,3).

Abenduaren 18a ospatzeko, Bilboko Udalak beren beregi aintzat hartu nahi du jatorri desberdinak izan arren Bilbon bizi eta bertako arlo sozialean, ekonomikoan, familiakoan eta kulturakoan garatzea erabakitzen duten atzerritarren balioa eta ekarpena.

Ildo horretatik, Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotziak adierazi du: “Bilbo uri ireki eta plurala izateko ari da lanean, eta uste dugu kontzeptu horrek gure gizartearen ereduari eragiten diola, giza eskubideen errespetuan eta herritar guztiek eskubide eta betebehar berberak izatearen hastapenaren defentsan oinarritu behar baita. Udala, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea denez gero, uste dugu gure zeregina eta ahalegina Bilboko biztanle guztiengana heldu behar dela, jatorria alde batera utzita, Bilboko herritar guztiak berdinak izan daitezen.”

IMMIGRAZIOAREN BILBOKO BEHATOKIA

Bilboko Udalak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, abian jarri du Bilbon Immigrazioaren Behatokia. Udalerrian migrazioa ezagutzea nahitaezkoa da Bilbon integrazioa eta elkarbizitzaren alde egiten duten programak eta ekintza planifikatzeko orduan.

Immigrazioaren Bilboko Behatokiak ikerketa asko egiten ditu, Bilboko udalerriko atzerritarren datuak eguneratzeko, bilbotarrek immigrazioaz duten pertzepzioari, balioei eta jarrerei buruzko barometroa, Bilboko auzo jakin batzuei edo urian elkarbizitzan edo integrazioan eragina duten egoera edo kolektibo batzuei buruzko azterlan bereziak.