Bilboko Udalak 1.368 plaza eskaini ditu 'Gabonetan primeran kirola eginez' programan
Udalak guztira 1.368 plaza eskaini ditu 6tik 13 urtera bitarteko umeentzat. Horietatik 48 plaza dibertsitate funtzionala duten umeentzat dira. “Gabonetan primeran kirola eginez 2017/2018” programa abenduaren 26, 27, 28 eta 29an eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean gauzatuko da.
BILBAO. Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak erakundearen bidez, umeen gurasoei aisialdirako bestelako alternatiba bat eskaini die, Gabonetan kirola eta adiskidantza bezalako balioak sustatzen dituen alternatiba alegia.
Hala bada, Bilboko 6tik 13 urtera bitarteko umeek “Gabonetan primeran kirola eginez 2017/2018” programan parte hartu ahal izango dute abenduaren 26, 27, 28 eta 29an eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean Deustuko, San Ignazioko, Txurdinagako eta Zorrotzako kiroldegietan.
Guztira 1.368 plaza eskaini ditu Udalak jarduerak dirauen 8 egunetan banatuta; plaza horietako 48 dibertsitate funtzionala duten haurrentzat izango dira. Taldekako jolasak, igeriketa, padela, tenisa edo saskibaloia izango dira “Gabonetan primeran kirola eginez” programan egingo diren jarduera batzuk; betiere, lana eta familia bateratzeko erraztasunak emanda. Aurten iaz baino plaza gehiago eskaini dira. Horrela bada, egunero 171 gaztetxok parte hartu ahal izango dute eta iazko Gabonetan 120 izan ziren egunero egondako plazak.
Jarduera guztiak 09:00etatik 14:00etara bitartean egingo dira beti. Kiroldegietara 08:30etik aurrera sartzea egongo da. Kirol arropa eta oinetakoak, bainujantzia, txankletak, xukadera eta txanoa eroan behar dira. Jarduera guztiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.
Izen-emateak Bilbao Kirolak-en on line zerbitzuen bidez eta kiroldegi guztietako salmentarako makinetan egin daitezke. Jardueren prezioa 10 eurokoa da eguneko (12 euro abonatu gabekoentzat) eta plazak egun baterako, egun batzuetarako edo egun guztietarako erreserbatu daitezke.
Bestalde, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako plazak Kirol Egokituaren Euskal Federazioan bakarrik egingo dira (622 022 063).
BILBAO KIROLAKen PROGRAMAZIOA FAMILIA ETA LANA BATERATZEKO
Opor garaietan, esate baterako, Gabonetan zein Aste Santuan diren programez edo “Udan Primeran Kirola Eginez” programaz gain, Bilbao Kirolak erakundeak lana eta familia uztartzeko ikastaro-eskaintza zabala du, baita asteburuetan familiek kirola egiteko eskaintza zabala ere.
Miribillako, Artxandako eta Errekaldeko kiroldegietan udazkenean hasita, 5 eta 12 urte bitarteko neskato-mutikoen psikomotrizitatea eta oinarrizko trebeziak lantzeko asmoz yoga eta palaz eta erraketaz egiten diren kirolak daude. Bien bitartean, umeekin doazen helduek ariketa aerobiko eta bizkorgarriak egiteko saioetan parte har dezakete edo fitness gelak erabili.
Ikastaro hauei gehitu behar zaizkie Bilbao Kirolak erakundeak familiako kontziliazioa sustatzeko lehendik antolatzen dituen beste batzuk: familiako patinajea eta pertsona helduentzako eta adin txikikoentzako jolas-igeriketa, “Igerijaia” izenekoa.