BILBO. Emakume adituen ustez, emakumeen aurkako indarkeria errotik desagerrarazteko tresnarik onena prebentzioa da. Eta, era berean, prebentzioaren oinarriak hauek dira: aldaketa egingo delako uste osoa izatea, balioetan heztea eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko elkarlana. Horregatik, udalak prebentzio-programa ugari garatzen ditu hiru arlotan: hezkuntza, gizarte eta komunitatearen arloetan.
Hezkuntzari dagokionez, berdintasunezko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat egiteko prozesuan bilbotar gazteak protagonistak izatea da helburua.
Alde batetik, genero-indarkeriari aurrea hartzeko eta berdintasuna sustatzeko tailerrak antolatzen ditu Udalak. Saio horietan genero-indarkeriaren problematika lantzen da eta eragileen arteko zubiak ere eraikitzen dira, esate baterako, gazteen eta irakasleen arteko zubiak.
Beste alde batetik, helburu bera duen beste ekimen bat ere badago: ikastetxeetako talde feministak. 2011-2012 ikasturtetik berdintasunaz sentsibilizatuta dauden neskato-mutikoen talde estrategikoak sortu dira, emakumeenganako indarkeria-egoerak zalantzan jartzeko gaitasuna lantzeko. Nerabe horiek “agente” bihurtzen dira, ikastetxean euren adinkideen artean sentsibilizazio eta prebentzio-ekintzak diseinatzeko; eta horretarako badute udalaren laguntza. Ekintza horien artean daude lehiaketak, agiriak irakurtzeko ekitaldiak, elkarretaratzeak, Historian emakumeek egindako ekarpena agerian uzteko ekitaldiak eta abar.
Ikastetxean ez ezik, prebentzioa eta sentsibilizazioa gizarte eta komunitate-mailan ere sustatzen dira; hots, auzoetako elkarteetan eta jaietan.
Jaiei dagokienez, Bilboko Udalak estrategia berezia lantzen du Aste Nagusi bakoitzean, eraso sexistarik gabeko jaiak sustatzeko. Duela urte bitik hona Bilboko auzoetako jaietara ere zabaldu da eredu hau. Horiek horrela, dendari-elkarte guztien bitartez zabaldu da protokolo bat eta badago TONBOLA 0,0: 0 eraso, 0 ezberdintasun ekimena.
Komunitate-mailan indarkeria matxistari aurrea hartzeko udalaren programa ANDRE TA JABE da. Horren bidez toki-mailan emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa hobetu nahi da, gizarte-eragileekin sareak sortuz komunitate-mailan, uriko barruti guztietan.
Genero-indarkeriari aurrea hartzeko badaude beste programa batzuk; esate baterako, autodefentsa feminista ikasteko tailerrak.
Gainera, Bilboko Udaleko zinegotziak azaldu duenez genero-indarkeriazko Bilboko Udalak Koordinazioko Udal Protokoloa dauka, Udaleko hiru sailek osatua. Gizarte Ekintza Saila, Segurtasun Saila eta Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saila dira sail horiek.
Bilbon bizi diren eta bikotekideekin egoera gatazkatsuan dauden emakumeei begira presazko esku-hartzea burutu eta emakume horiei arreta pertsonala, etengabea, espezializatua, integrala eta koordinatua eman beharra ezartzen du protokolo honek, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen bizimodua berriz ere autonomoa eta indarkeriarik gabea izateko.
Herritarrek erabil ditzaketen udaleko zerbitzu guztiek kasu berriei aurrea hartzea eta biktima diren emakumeei arreta ematea eta erantzun egoki eta konponbideak eskaintzea dute xede. Honako hauek daude zerbitzu horien artean:
- Koordinazioa Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuarekin.
- Laguntza psikologikoa.
- Arreta pertsonalizatuaren plana.
- Interpretaritza: atzerriko hizkuntzak eta zeinuen hizkuntza.
Aipatutako udalaren hiru sailen bidez zerbitzu hauek ematen dira: polizia-arreta eta babesa; informazioa, aholkularitza eta orientabidea; larrialdiko gizarte-arreta eta lagun egitea; arreta sozial espezializatua; laguntza psikologikoa; aholkularitza juridikoa; familiekin eta umeekin esku hartzea; segurtasun-arrazoiak direla medio aldi baterako harrera; laguntzeko eta bizitokia emateko baliabideak; eta prestazio ekonomikoak.
UDALAREN HARRERA PROGRAMA. GIZARTERATZEKO ETA LAN MUNDUAN SARTZEKO PROGRAMA
Udalak badu emakumeak hartzeko programa bat. Udalaren etxebizitza batzuetan harrera ematen zaie aldi batez, segurtasun-arrazoiak direla-eta, ohiko bizilekutik irten behar duten emakumeei. Harrerako aldian lagun egiten zaie; eta arreta sozial espezializatua, laguntza psikologikoa eta orientabide juridikoa eman. Etxebizitza eta enplegu bat bilatzeari ere garrantzi handia ematen zaio bizimodu autonomoa eta indarkeriarik gabea izan dezaten.
Horrez gain, 2014aren amaieratik genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lagun egiteko proiektua burutzen ari gara, prestakuntza eta lan-bilaketaren bidez gizarteratzeko prozesuak sustatzea xede izanik.
Proiektuak gizarteratzeko ibilbideak eskaintzen ditu; alde batetik, bazterketa-arrisku handian dauden eta lanerako oinarrizko trebetasunak ez dituzten emakumeentzat; eta, bestetik, erdi-mailako arriskuan dauden eta, lanerako trebetasun-errepertorio egokia duten arren, prestakuntza teknikoa eta prozesuan lagun egitea behar duten emakumeentzat.
HERRITARREK EGITEKO IREKITA DAGOEN IRAKURRALDIA
Topaketaz baliatuta, udalak bilbotar guztiei luzatu die haientzat irekita dagoen eta haiek egiteko den irakurraldian parte hartzeko gonbidapena. Irakurraldia Arriaga Antzokian izango da, azaroaren 24an. “Herritarrek parte hartzea, atrilen aurrean dagoenak testuak, argitalpenetako pasarteak, olerkiak? bere egitea; berdintasunezko gizartea modu kolektiboan egitea aldarrikatzea eta emakumeen aurkako indarkeriaren edozein agerpen zein keinu salatzea nahi dugu udaletik. Bilboko gizarteak indarkeria matxistari gaitzespena erakusten eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde borrokatzen lagun diezagun nahi dugu” azaldu du Itziar Urtasunek.
EGUNA: azaroaren 24a
ORDUA: 11:00etatik 13:00etara
TOKIA: Arriaga Antzokia