BILBAO. Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak Adineko Pertsonentzako Osasun Programa aurkeztu du gaur goizean Basurtuko Udaltegian. Ikasturte honetan, 2.805 pertsonak eman du izena, eta % 2 baino ez dira itxaron-zerrendan geratu direnak. Díezek klaseetako batean parte hartu du, gainerako ikasleek babestuta. Zorionak eta eskerrak eman dizkie programaren 31. ikasturte honetan; izan ere, 1986an hasi ziren osasuna sustatzea helburu duen programa honekin, eta hiru eremu hauetan esku hartzen duena: jarduera fisikoa, eta osasunaren arloko hitzaldi-solasaldiak eta tailer teoriko-praktikoak.

98 talde dira guztira, Bilboko barruti guztietako 26 zentrotan banatuta; % 87 emakumezkoak dira eta batez besteko adina, 78 urtekoa.Urritik ekainera bitartean, astean behin edo birritan eskaintzen dira klaseak, ordubeteko iraupena dute eta talde bakoitzean 25-30 pertsona dago.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak Adineko Pertsonentzako Osasun Programako parte-hartzaileen funtzionalitatea aztertu du, kolektibo horren premiak zeintzuk diren jakiteko eta horrela, eskaintza euren beharrizanetara egokitu ahal izateko. Azterketa horren ondorio nagusia da erabiltzaile gutxi dagoela egoera ahulean. Zehatz esateko, parte-hartzaileen % 4,7k baino ez du gainditzen ahultasunaren-muga. Kopuru hori adin horretako biztanleen artean egindako azterlanetan erregistratutakoa baino dezente baxuagoa da, horien artean % 19 ingurukoa da eta. “Osagai askoko jarduera fisikoa egiten duten adineko pertsonek, horrelakoak dira gure tailerrak, ariketarik egiten ez dutenek baino gainbehera fisiko txikiagoa dute” dio Yolanda Diez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak. “1986an hasi ginen programa honekin eta gaurko erabiltzaile asko hasiera-hasieratik ari dira programan parte hartzen, 55 urte ingururekin hasi ziren. Gaur egun laurogei urte beteta dituzte baina funtzionalitatea eta osasuna euren adinkideena baino askoz hobeak dira”.

31 urte jarduerak egiten, 1986tik

Adineko Pertsonentzako Osasun Programak hiru eremu hauetan esku hartzen du:

Jarduera fisiko egokitua: astean ordubeteko saio bat edo bi, begirale kualifikatuek zuzenduta eta dinamizatuta eta Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko medikuen eta erizainen zaintzapean. Jarduerak adineko pertsonen ahalmenetara egokitzen dira.

Osasuna sustatzea: hitzaldi-solasaldiak osasuna sustatzeko, beren-beregi adin-tarte horretan interesik handiena duten gaiak jorratzeko asmoz: nutrizioa, gripearen prebentzioa, osteoporosia, erorikoen prebentzioa? Beste batzuetan, tailer teoriko-praktikoen formatua erabiltzen da, esaterako, gernu-ihesaren prebentziorako ariketak eta tratamendua.

Sozializazio-jarduerak: pertsona nagusien osasun psikosoziala bultzatzeko jarduerak izaten dira, sozializazioarekin eta aisiarekin lotutakoak. Horrelako ekitaldi bi egiten dira urtean: Casillan egiten den adiskidetasunezko jaia eta Areatzako kaian egiten den ikasturte amaierako jaia.

“Eta hori guztia, hiru helburu nagusia betetzeko. Bizimodu aktiboa izanda osasuna bultzatzea, hartara obesitatearen prebentzioan eta gaixotasun endokrino-metabolikoak kontrolatzen laguntzeko, erantzun kardiobaskularra hobetzeko eta mugitzeko arazoak eta horri lotutako dependentzia-egoerak saihesteko. Era berean, adin horretan osasunaren arloan interesik handiena duten gaietan sentsibilizatzea eta heztea eta pertsona nagusien sozializazioa sustatzea, horrela isolamendua eta depresioa saihestuz” adierazi du Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak.