BILBO. Bilboko Udal Txistulari Bandak 2017-2018 denboraldirako antolatu duen kontzertu zikloa berritasun eta sorpresaz beterik dator: euskal musika, tradiziozko musika, erdi arokoa, berpizkunde eta barroko garaikoa, musika eta dantza ikuskizunak, kolaborazioak profesionalekin, ohorezko gonbidatuak?

Programazio honekin, aurten ere Bilboko Udal Txistulari Bandak euskal musikarik onena eramango du Euskalduna Jauregira. Bertan, beste batzuen artean, Jagoba Astiazaran, J.I.Ansorena, M.GLZ.Bastida, Bonifacio Cubas, Jose Olaizola, Eduardo Ezeizabarrena, J.Eseverri, B.Laskurain, J.M.Bilbao bezalako artista ezagunen obrak interpretatuko dira.

Denboraldiari ostegun honetan emango zaio hasiera, irailak 28, hain zuzen ere. Garikoitz Mendizabalek (zuzendaria), Idoia Kareagak, Gorka Zabaletak, Sabin Bikandik eta Asier Garciak osatutako bandak Euskalduna Jauregiko ikus-entzuleei formatu tradizionaleko honako obrak eskainiko dizkiete: “Zugana Manuela (Zortzikoa)”, “Aitona”, “Triptikoa”, “Mari Zeli (polka)”, “Bilduma”, “Mendian, bai alai”, “Ametsa”, “Bolero”, “Txapel gorri (fandangoa)” eta “Kontradantza besteak beste.

Bestalde, urriaren 16an, Bilboko Txistulariek konpainia ezin hobea izango dute, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionaleko (Iruñea) ikasleekin batera txistua protagonistatzat duen musikarik onenaz gozatzeko aukera paregabea luzatuko die ikusleei.

Azaroaren 6an, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatuta, Txistu Bandarako I.Konposizio Lehiaketa ospatuko eta Udal Txistu Bandak saritutako hiru obra interpretatutako ditu.

Hurrengo hitzordua, azaroaren 27an izango da, Bilboko Musika Banda, Euskalduna Jauregiko eszenatokira bueltatuko da. Okasio honetan, eta “Ansorenatarren danbolina” lelopean, Ansorena familiari (Jose, Isidro eta Jose Inazio) omenaldi txiki bat eskainiko zaio, txisturako gehien idatzi duen saga, hain zuzen ere. Honakoak entzun ahal izango dira, beste batzuen artean: “Beti Nigan gertu (zortzikoa)”, “Ertilari”, “Aguztin, Xantin, eta Juan Joxe”, “Kañoietan”, “Joxe Mari Maixua” eta “Euskal Herriko Zelaietan”. Kontzertu honetan Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas, dantzariak, parte hartuko dute.

2017ko denboraldirako programatutako ekitaldiak abenduan bukatuko dira jada ohikoa den Gabonetako kontzertu bereziarekin. Jarduna abenduaren 19an izango da Euskalduna Jauregiko A1 aretoan. Bandak, aurten urteari agur esango dio Bogoroditsie abesbatzarekin batera. Hogeita lau kidez osatutako ahots nahasietako koru elkartea da Bogoroditsie. Ion Ugarrizaren zuzendaritzapean, hastapenetatik Bogoroditsie Abesbatzak autore berrien lanak ikertu eta ezagutzera eman nahi izan ditu, publikoa musika ikuspegi berrietara hurbildu nahian. 20 urte beranduago, horrek jarraitzen du izaten taldearen helburu nagusia.

2018ko denboraldia, “Danserie Ensemble”rekin hasiko da, urtarrilaren 10ean. Kontzertu honetan, erdi aroko, berpizkundeko eta hasierako barrokoko obrak interpretatuko dira, horien artean Teobaldo I de Champagne, Cantigas de Alfonso XIII, Michael Praetorius, John Playford eta Andrea Falconieriren lanak. Alfonso Iturria, Garaine Jorajuria, Koldo Azkona, Eneko Páez, Isabel Abárzuza, Gabriela López, Javier Navascués eta Carlos Fructuoso musikariek hartuko dute parte Bandarekin hitzordu berezi honetan.

Urtarrrilaren 24ko kontzertua, Euskalduna Jauregiko A1 Aretoan izango da. Bertan, Biboko Udal Txistu Banda, Olaeta Balletarekin eta Kepa Junkerarekin batera arituko da. Olaeta Balleta, Bilboko erakunde beteranoa da eta bere historia luzean zehar, munduko agertokirik garrantzitsuenetan izan dira, gure folklorearen zigiluaz dantza klasikoa markatuz, eta alderantziz; betiere, modu berritzailean. Kasu honetan, Uruñuela, Museta, Aurreskua, Sagar dantza, Axuri beltza, Kaxarranka edota Lekeitioko andrazkoen aurreskuaz gozatu ahal izango da besteak beste.

2018ko aratuste edota ihauteriei eskainitako kontzertua otsailaren 7an ospatuko da. Kontzertu sinple bat baino, ikuskiuzun bat izango da, izan ere, Patxi Labordaren kontakizunekin batera, dantzek, abestiek eta irudiek ere bere protagonismoa izango dute.

Otsailaren 21eko kontzertuari esker, ikusentzuleek berriz ere banda tradizionaleko doinuez gozatzeko parada izango dute. B.Laskurain, J.I.Ansorena, eta J.M. Bilbaoren musika lanak entzun ahal izango dira, beste beste, “Festa Bezpera”, “Kontrapasa”, “Zortziko Bateleras”, “Krisostola”, “Ansola Anaiak” edo “Gau Txoriak” bezalak obrek osatuko dute egitaraua.

Martxoa, sorpresaz betetako hilabetea izango da. Martxoaren 5ean, Jagoba Astiazaran konpositoreari eskatutako “Zaharrak berri” enkarguaz disfrutatzeko aukera izango da. Txistu Banda tradizionalerako lan berriak eta neurrikoak izango dira. Bandaren errepertorio eta generokoak diren erritmoak izango dira protagonista: fandangoa, arin arinak, mazurkak, suiteak, rapsodiak, polkak, minuetoak, kontrapasak?

Eta denboraldiari amaiera emateko, martxoaren 22an, Bilboko Udal Txistulari Bandak publikoa kantatzera animatuko du “Kantaldia” izeneko ikuskizunarekin. Publikoaren parte hartzea ezinbesteko osagaia izango da kontzertu berezi honetan, helburua euskal kantutegi zahar eta berrian dauden abestiak ikusleekin elkarrekin abestea izango da.

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu sei diska eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Bihurrikeritan” (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) romerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa heuren hamargarren urteurrena ospatzeko.