BILBO. Jarduerak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira, hainbat proposamenekin, horien artean planetarioa, tailerrak eta hitzaldiak, hiru saiotan, 18:00etan, 18:45ean eta 19:30ean, ostiralean zein larunbatean. Batez ere 5 eta 13 urte arteko umeentzat diseinatuta dagoen planetarioa (euskaraz), kupula puzgarria da, eta bertan gaueko eta eguneko zeruaren simulazioak eta Eguzki Sistematik eta Eguzki Sistema horretatik kanpo dauden planetetatik bidaiatzeko film inguratzaileak proiektatuko dira. Kanpoko espaziora egingo den bidaia Naiara Barrado UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Fisika Aplikatua I saileko Zientzia Planetarioen Taldeko irakasleak gidatuko du. Planetarioa bisitatzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea kulturabarrutik.eus webgunearen bitartez.

Ordu berberetan, baina 5 eta 9 urte arteko umeei zuzenduta, gymkhana bat egingo da taldeka (euskaraz), eta talde bakoitzak bere elkar ulertzea, lehiatzeko gaitasuna, ondo pasatzeko gogoa eta sormena erakutsi beharko ditu. Guztira hiru erronka (jakituria, asmamena eta talentua) gainditu beharko dira lehen mailako astronautak izateko. Gymkhanan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea webgunearen bitartez: www.kulturabarrutik.eus.

TAILERRAK

Autogiro izeneko ostiraleko tailerrak (9 eta 13 urte arteko umeentzat), hegal birakaria duen eta hegazkinaren eta helikopteroaren arteko hibridotzat har dezakegun aireontzi hori pixka bat hobeto ezagutzeko proposamena egingo du. Tailer horretan, partaideek euren tresnak sortuko dituzte, eta aireontziaren funtzionamenduaren printzipio teknikoa zein den ikasi ahal izango dute. Erronka, hegaldi hoberena eta luzeena lortzea izango da, Fisikaren legeak kontuan izanda. Larunbaterako programatu den “Zientziaren detektibeak” tailerrak, aurkeztuko den kasu bat, polizia zientifikoak euren ikerketetan erabiltzen dituen teknikak erabiliz argitzea proposatuko die partaideei. DNA ateratzea eta pH adierazlea lagungarriak izango dira mezu sekretua aurkitzeko, eta hori guztia Kimikari esker. Tailer biak euskaraz izango dira.

Gazteek (14 urtetik gorakoek) ere euren lekua izango dute programazioaren barruan, taldeen arteko bi erronkarekin. Ostiralean talde bakoitzak automobil bat diseinatu beharko du oinarrizko jarraibideei jarraituz, proposatutako materialak erabiliz. Ahalik eta desplazamendu handiena eta mugimendu autonomoa lortzeko euren prototipoek izan beharko dituzten formak, tamainak eta elementuak erabaki beharko dituzte. Larunbateko erronka espazioarekin egongo da erlazionatuta. Horrela, kasu honetan talde bakoitzak aerodinamikako oinarrizko kontzeptuetan oinarrituta bere espazio-ontzia diseinatu beharko du, probatzeko eta lehiaketan altuera gehiena zein espazio-ontzik lortzen duen ikusteko. Jarduera hau euskaraz eta gaztelaniaz egingo da.

HITZALDIAK

Tailerrez gain, Deustuko udaltegiak jende guztiari zuzendutako hedapen zientifikoko hiru hitzaldi jasoko ditu egunero, 18:00etan, 18:45ean eta 19:30ean. Ostiralekoak arkeologiari, minbiziaren ikerketari eta astronomiari buruzkoak izango dira, Xabier Murelaga UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia saileko irakaslearekin, Aintzane Apraiz UPV/EHUko Biologia Molekular eta Histologia saileko irakaslearekin eta Ricardo Hueso UPV/EHUko Fisika Aplikatu saileko Zientzia Planetarioen Taldeko irakaslearekin.

Larunbaterako programatu diren hitzaldiek kimikaren, matematiken eta fisikaren bitxikeriak landuko dituzte, Jon M. Matxain UPV/EHUko Zientzia eta Polimeroen Teknologia saileko Kimika Teoriko taldeko irakaslearen, Raúl Ibáñez UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika saileko irakaslearen eta Aitor Bergara UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Materia Kondentsatuaren Fisika saileko irakaslearen eskutik. Hitzaldi horiek barrutiko hainbat ikastetxetan ere eskainiko dira aste honetan zehar.

Ostiralean zein larunbatean, programa familia osoari zuzendutako ikuskizun batekin amaituko da, arratsaldeko 20:15etik aurrera. “Ciencia a lo Grande” jardueran, ikus-entzuleek, aurreikusitakoaren kontra doazen eta harritu egiten duten esperimentuez gozatu ahal izango dute. Horrez gain bertara doazenek lehen pertsonan bizi ahal izango dute zientzia, proposatutako esperimentuetako batzuetan parte hartuz.