BILBAO. Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa batera “brieffing” edo lan-bilerak egiten ari dira Bilboko Udaltzaingoak Miribillan dituen instalazioetan, Bilboko Udalaren eta Segurtasun Sailaren arteko koordinazio-politikaren barruan; eta lan hori areagotu dute jaietan.
“Brieffing” edo lan-bilera bi egin dituzte orain arte; hain zuzen, joan zen zapatuan eta atzo (astelehena). Batera jarritako dispositiboaren zati bat, kaleko jantziaz lan egiten duten agenteei dagokiena alegia, bertan egon da, prebentzio-lanak prestatzeko eta erasoak, lapurretak, indarkeriaz egindako ebasketak edo beste delitu batzuk ekiditeko.
Kaleko jantziez lan egiten duten Ertzaintzako eta Bilboko Udaltzaingoko agenteek elkarrekin koordinatzen dute euren lana eta komunikazio-kanal bera dute. Polizia bietako agenteek osatutako aginte-postu bat dago kalean eta honek gertaerak ebaluatu eta erabakiak hartzen ditu.
Polizia bien ustez delituen eta falten aurrean prebentzioa eta horien jarraipena egitea garrantzitsua da, beharrezkoa izanez gero, berehala esku hartzeko eta herritarrek egiten dituzten eskaerei erantzuteko.
Bilboko Udaltzaingoko eta Ertzaintzako hainbat agente barreiatuta daude uri guztian, eguneko 24 orduetan zaintza-lanak egiteko; batez ere, jende gehien biltzen den lekuetan eta jaigunean, jaiak behar bezala garatzeko kaltegarriak diren delituei aurrea hartzeko. Horretarako polizia bietako kideek jarraituko dute jaietan “brieffing-ak” egiten, koordinazioa eta prebentzioa lantzeko.