BILBAO. Bilboko Udalak zabaldu egin ditu Zabalbide kaleko espaloiak, 43. zenbakitik 53.era bitarteko zatian, oinezkoentzat leku gehiago egon dadin. Lehen metro biko zabalera zuten; orain, aldiz, laukoa. Garrantzizko lekua da oinezkoen joan-etorrietarako, Metroaren Santutxuko geltokirako sarrera bat, ikastetxe bat eta merkataritzako lokala baitaude hurbil. Espaloiak zabaltzeaz eta konpontzeaz gain, saneamendu-sarea eta argien sarearen parte bat ere konpondu dira.
Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak gaur bisitatu duen obrak 600.000tik gora euroko inbertsioa izan du.
Iazko urtearen amaieran, Bilboko Udalak zenbait obra hasi zituen uriko hainbat kaletan, guztiak ere Auzokide Planaren barrukoak. Esaterako, oraintsu inauguratu den Miribilla kalekoa, ekaineko lehenengo hamabostaldian hasitako Ramon y Cajal kalekoa, abian diren Santimami kaleko lanak eta aurki hasiko diren beste batzuk, hala nola, Artazuriñan eta Blas de Otero kalean.
Kale horietan Udalak 4 milioiko inbertsioa egingo du. Obra horiek kaleak erabat berritzeko, argiak eta irisgarritasuna hobetzeko, oinezkoentzat espazioa irabazteko eta bilbotarren bizimodua hobetzeko dira.
2016-2019 aldirako Auzokide Planak jarduteko 124 eremu baino gehiago jasotzen ditu eta horietako 70 baino gehiago abian daude. Auzokide Plana 2004an sortu zen, barrutietako kontseiluen bidez uriaren aurrerapena bideratzeko, auzoetatik hasita. Urtero 1,5 milioi euro erabiltzen dira barruti bakoitzean eta guztira 12 milioi dira urtean.
Zazpi proiektu horiei 2016-2019 aldirako Auzokide Planaren 124 jardun-eremuetan planteatuta dauden gainerako jarduketak gehitu behar zaizkie. Auzo guztietan argiztapena eta irisgarritasuna hobetuko dira. Auzokide Plan honetan elementu mekanikoak eta gune estaliak jartzea aurreikusten da, baita uri-proiektua garatuko den lekuetan berehalako neurriak hartzea ere.
Auzokide Plana 2016-2019
Auzokide Plana herritarrek parte hartzeko udal tresna nagusietakoa da, izan ere, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publiko Sailaren jarduerarako funtsezko tresna osatzen du.
Aurrekontua Bilboko 8 barrutien artean banatuko da, barruti eta urte bakoitzeko 1,5 milioi euro bideratuta. 48 milioi euroko inbertsioa eragingo du lau urteko epean. Gainera, herritarrek nahiz eragile politiko eta sozialek Bilboko Barrutiko Kontseiluen bidez lehenetsitako obrak eta jarduerak burutuko dira.
Parte hartzeko bideak. Proposamenak eta iradokizunak
Auzokide Plana programa bizia da eta, auzoetako lehentasunak aldatu ahala, aldatzen ibiliko gara. Gainera, jarduera-esparru bakoitzaren helburuak adosten diren neurrian zehaztuko ditugu. Horregatik, parte hartzeko bideak prozesu osoan irekita egongo dira:
1.- Barrutiko Kontseiluen bileretan parte hartzearen bidez.
2.- Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailari herritarrek iradokizunak egiteko dauden bideak.