BILBO. Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak Bizkaiko Bertsozale Elkartearekin batera antolatutako “Gu ere bertsotan” bertsolaritza-programa urritik maiatzera arte izan da Bilboko zenbait ikastetxetan.

Ekainaren 5ean (astelehena), 10:30etik 12:00etara, Arriaga Antzokian izango da ikasturte amaierako jaia. Topaketa horretan ikasturtean ikasitakoa erakusteko aukera izango dute parte-hartzaileek. Bilboko 13 ikastetxetako 630 ume izango dira bertan. 10:00etan zabalduko ditu Arriaga Antzokiak ateak sartzeko.

Ekitaldian Oier Ponce musikaria eta Etxahun Lekue Etxebarria, Miren Amuriza Plaza, Nerea Ibarzabal Salegi eta Xabat Galletebeitia Abaroa bertsolariak egongo dira.

“Gu ere bertsotan” programaren xedea bertsolaritza indartzea da eta ikasleek ikastetxeetan ikasturtean zehar ikasitakoa beste ikuspuntu batetik ikustea, jai-giroan eta bertsoez ondo pasatuz.

Horrela euskal kulturan sakondu egiten da euskararen ezagutzari ekinez eta euskararen erabilera eskola-umeen artean sustatuz. Bertsolaritzaz ikasitakoa partekatzeko izango da topaketa. 30 urtez garatu du programa hau Bilboko Udalak.

Bilboko zenbait ikastetxetako hainbat ikaslek parte hartzen dute programa honetan. “Gu ere bertsotan” proiektuan 32 ikastetxe parte hartzen ari dira. Urte birik behin ikastetxe guztiek dute topaketan parte hartzeko aukera. Urte bakoitzean 16 ikastetxek.

Datorren astelehenean, ia ordu bi edukiko dute bertsoez, antzerkiaz eta musikaz euskaraz ondo pasatzeko Begoñaspi Ikastolako, Gallego Gorria, Luis Briñas, Sánchez Marcos, Basurtu HLHI, Salesianos Deusto Ikastetxea, Mujika eskola, Deustu L.H.I, San Inazio L.H.I, Deustuko Ikastola, Fran Juan Zorrotza, Karmelo Ikastola eta La Salle ikastetxeko ikasleek. Etxahun Lekue Etxebarria, Miren Amuriza Plaza, Nerea Ibarzabal Salegi eta Xabat Galletebeitia Abaroa bertsolari batzuen bat-bateko bertsoez gain, Oier Ponce musikariaren emanaldia ere izango da.

Ikasturtean zehar astean ordubete eman dute ikasleek abestiak, erritmoak, bertso zaharrak eta bertsolaritzaren historia ikasteko. Horretarako, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak badu bere material egokia.

Gainera, Bizkaia Irratian astean programa bat egoten da azarotik maiatzera.

BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA

1897an sortu zuten Bizkaiko Bertsozale Elkartea, euskal kulturaren ondare inmaterialaren zati handi bat ondorengoetaratzeko eta bertsolaritzaren etorkizuna bermatzeko.

Elkartean bertsolariak eta bertsozaleak 2400 dira. Irabazi-asmorik gabeko gizarte eta kultura-arloko elkartea da, bertsolaritza sustatzea xede duena.

Bertsolaritzaren zenbati alderdi lantzen eta garatzen ditu eta profesionalen eta boluntarioen lana uztartzen ditu, biak baitira nahitaezkoak. Horixe da elkartearen filosofia, urteko proiektuetan eta helburuetan islatzen dena.