BILBO. Filmak "ikus-entzuleak murgilduko ditu homosexualek Txinan bizi duten errealitatean". "Ekonomiaren eta teknologiaren ikuspegietatik aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari den herrialdea den arren, tradizioak oso pisu handia du oraindik gizartearen parte garrantzitsuan", azaldu dute Zinebiko arduradunek.

Ohikoa denez, emanaldia Multicine 7 aretoan izango da, arratsaldeko 20:00etan, ingelesezko eta txinerazko jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpitituluekin. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

Zenbatespenen arabera, Txinako 16 milioi emakume gizon homosexualekin ezkonduta daude, eta horietatik %90ek ez du bere homosexualitatearen berri eman, batez ere familiaren presioen ondorioz. Bada, dokumentalak pertsona horietako biren historia erakusten du: Cherry eta Andy.

Andy Shangain bizi den arkitekto arrakastatsua da, eta homosexuala dela esatea erabaki du.

Aitak, lotsatuta eta dezepzionatuta, emakume batekin ezkontzera bultzatu du, familiaren ohoreari eusteko. Bestalde, Cherry neska gazte lesbiana da, homosexual batekin ezkonduta dago, eta ume bat adoptatu behar du, amaren exigentziak betetzeko eta gizartearen aurrean itxurak gordetzeko.

Sophia Luvara da dokumentalaren zuzendaria. Italian jaio zen. Ohore handiz graduatu zen Torinoko Unibertsitateko Bioteknologia Medikoko Masterrean, eta unibertsitate berean minbiziari buruzko ikerketan ere doktoratu zen. 2007an ikasketak utzi eta Londresera joan zen, bere grina gauzatzeko: dokumentalak egitea. "Inside The Chinese Closet" lanak hainbat sari irabazi ditu generoko zenbait jaialditan, besteak beste, DocsBarcelonan, Berlinalen edo Herbehereetako IDFAn.