BILBO. Auto gidariek eta oinezkoek duten erantzukizunaz eta, batez ere, guztien jokabide ausartegiek eragin ditzakeen arriskuez ohartaraztea izango da kanpainaren helburu nagusia.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, udaltzainek lau kontrol egingo dituzte egunero, bi goizez eta beste bi arratsaldez, kokapenagatik edo jendearen joan-etorri handiagatik bide segurtasunaren ikuspegitik arriskutsuak izan daitezkeen oinezkoen pasabideetan. Beste lau kontrol bizikletak ibiltzen diren ohiko lekuetan egingo dituzte.

Arau hausteak zaintzeko eta gidariek eta oinezkoek zirkulazio araudia betetzen duten begiratzeko egingo da kanpaina, betiere istripuen arriskua eta oinezkoak harrapatzeko arriskua murrizteko.

Kanpainaren xedea ez da isunak jartzea izango, jendea ohartaraztea eta arriskuez jabetzea baizik.

Ildo honetan, 2016an zehar harrapaketak kontrolatzeko bi kanpaina egin ziren, eta horietan 46 kontrol.

Guztira, bost salaketa jarri ziren (bat oinezko bati eta lau auto gidariei), eta 149 oinezko ohartarazi zituzten euren jarrera zela eta.