BILBO. Ertzaintzak aurten duen Zaintza eta Kontrol Egutegia aurkeztu du Diaz de Corcuerak Erandion. Lan bilera horretan izan dira Rodrigo Gartzia Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria, Iñigo Ibarra Ertzaintzaren Trafikoko Buruzagitza Nagusiko burua, Aitor Lete Udaltzaingoak Koordinatzeko arloko burua eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzaingoetako ordezkariak.

Horrela, aurreikusi da guztira 37 kanpaina egingo direla zenbait arrisku faktore zaintzeko, hala nola abiadura, arreta galtzea edo alkohol eta droga kontsumoa. Helburua da bide segurtasuna hobetzea eta trafiko istripuetako biktimen kopurua murriztea.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak planifikatzen eta koordinatzen ditu Ertzaintzaren Trafikoko Lurralde Unitateek eta udaltzaingoek urtearen barruan egin behar dituzten zaintza eta kontrol kanpainak.

"2015-2020 aldirako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoaren ildo estrategikoen artean, zaintzarako eta kontrolerako ildo estrategiko zehatz bat dago. Ildo estrategiko horren helburu nagusia da portaera desegokiak zuzentzea eta horien egileak berriro heztea, bide istripuak murrizteko. Horri dagokionez, urtero diseinatzen da zaintzarako kontrolen eta kanpainen plana. Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan eta kaleetan bide segurtasunaz arduratzen diren polizien arteko lan koordinatuaren emaitza da gaur aurkezten dugun egutegia", azaldu du Diaz de Corcuerak.

BIGARREN MAILAKO ERREPIDEAK

Modu honetan, joan den urteko istripuen datuak kontuan izanik, aurten arreta berezia jarri zaie bigarren mailako errepideetan abiadura kontrolatzeko kanpainei. Halaber, berritasun gisa, motozikleten abiadura kontrolatzeko kanpaina zehatzak egingo dira. "Motozaleen kolektiboa oso kaltebera da, eta prekauzioa eta araudiarekiko errespetua nabarmendu nahi izan dugu", gaineratu du.

Joan den urteko kanpainetan, guztira, 11.536 kontrol eta 214.972 proba egin ziren, eta 10.162 arau hauste hauteman ziren. Kontroletan batez beste %4,7k eman zuen emaitza positiboa.

2017ko Zaintza eta Kontrol Egutegian aintzat hartu da alkohol eta droga kanpainak egitea eta, berritasun gisa, bi kanpaina berezi egitea motozikleten abiadura, arreta galtzeak, hiri bideetako harrapaketak, uhala eta haurrak eusteko sistemak, bigarren mailako errepideetako baldintza teknikoak, motozikletak, ziklomotoreak eta bizikletak, eta eskola garraioa eta salgaien eta pertsonen garraioa kontrolatzeko.