BILBO. Bilkura asteazkenetik ostiralera bitartean egingo da Kolonbiako hiriburuan, eta Bilboko ordezkariek hiriburuaren garapen jasangarriko eredua eta etorkizuneko proiektuak aurkeztuko dituzte.

Hiri eta Tokiko Gobernu Batuak (HTGB) elkarteak antolatuta, Tokiko eta Eskualdeetako Erakundeen Munduko Biltzarra alkate, zinegotzi eta tokiko eta eskualdeetako gobernuen munduko fororik handiena eta garrantzitsuena da.

Hirietako, metropolietako eta eskualdeetako ordezkarien eta gizarte zibileko eta enpresaren eta hezkuntzaren alorreko adituen artean, guztira, 3.000 pertsona baino gehiago elkartuko dira, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Topaketa lotuta egongo da Habitat III etxebizitzari eta hiri garapen jasangarriari buruzko Nazio Batuen hirugarren biltzarrarekin, "Tokiko ahotsak mundu hobe baterako" lelopean. Beste gai batzuren artean, tokiko gobernantzaren eta hiri jasangarritasunaren arloko premiazko arazoei buruz eztabaidatuko da.

Hain zuzen ere, helburu nagusienetako bat da udal mailako nazioarteko mugimendua biziberritzea eta tokiko eta eskualdeetako liderren sare globala sendotzea, euren artean elkartu daitezen bultzatuz, esperientziak trukatuz eta elkarrengandik ikasiz.

Testuinguru parte hartuko du Juan Mari Aburto alkateak. Ostegunean, urriaren 13an, Bilboren garapen jasangarriko eredua eta etorkizuneko proiektuak aurkeztuko ditu, eta garapen hori jarduera ekonomikoarekin eta ingurune naturala babestearekin bateragarria izan dela azpimarratuko du.

Aburtok beste agintari garrantzitsu batzuekin partekatuko ditu Bilboren esperientziak, hala nola Federico Gutiérrez Medellineko alkatea, Dina Oyun Errusiako Kyzyl hiriko alkatearekin eta Anthony Sorris New York hiriko lehenengo alkateordearekin.

"Gure kasuan hiriaren eta ingurumenaren eraldaketa prozesua azalduko dugu, baita biziberritze ekonomikoaren prozesua ere. Ekonomia lehiakorraren aldeko apustua egin dugu, eta horretan pisu handia dute industriaren sektoreak, teknologia berrietan eta zerbitzuen arloko jarduera berrietan oinarrituta, eta turismoak, gure erakargarritasunean eta kultur eskaintzan oinarrituta. Horiekin batera, babes sozialeko politikek hirugarren zutabea osatzen dute, kohesioa eta elkarbizitza bermatzeari bideratuta", azaldu du Aburtok.

Gainera, hiriak etorkizunera begira dituen erronkak azalduko dituelka iragarri du, "batik bat sektore ekonomiko berriak garatzea, betiere jakintzan, nazioarte mailan lehiakorrak izateko gaitasunean eta gizarte ekintzaileago batean oinarrituta".

Horrez gain, gogorarazi du datorren asteko gailurra bat datorrela "Kolonbiko une historiko batekin", bertako bake prozesua dela eta. Aburtoren esanetan, "gure iraganagatik, eta aldeak alde, arreta handiz jarraitzen ari gara hango prozesua".

MEDELLIN

Tokiko eta Eskualdeetako Erakundeen Bilkuraren aurretik, astelehenean eta asteartean, urriaren 10ean eta 11n, Bilboko ordezkariak bisita instituzionala eta teknikoa egingo dute Medellin hirira, harreman eta lotura estuak baititu Bilborekin.

Bi hirien arteko lotura nagusia Lee Kuan Yew saria da: 2010eko lehenengo edizioan, Bilbok jaso zuen saria, eta aurten, 2016an, Medellinek jaso du, indarkeriazko iragana gainditu eta hiri berrikuntza eta eredu inklusiboa bihurtzeko bi hamarkada besterik ez duelako behar izan.

Horren harira, Aburto eta Medellineko alkatea batera egon ziren ekainean Singapurren eta han jaso zuen hiri hori bisitatzeko gonbitea, hiri bietako esperientziei buruzko ikuspegiak trukatzeko, gai hauei buruzko ikuspegiak: garapen urbanoa eta soziala, nazioarteko posizionamendua, gardentasuna, bakegintza eta gobernu ona, berrikuntza eta garapen ekonomikoa.

Laneko bisita horretan Juan Mari Aburto eta Mikel Alvarez zinegotzia Federico Gutiérrez Medellineko alkatearekin biltzeaz gainera, Daniela Maturana Medellineko Kontseiluko presidentearekin eta Sergio Escobar Medellineko eta Bere Metropoliko Lankidetzarako eta Inbertsiorako Agentziako zuzendari exekutiboarekin ere egongo dira.

Bileran, gai hauek aztertuko dituzte: hiriko goialdeetako auzoak hirigunearekin lotzea; berrikuntza sozialeko eredua, sektore eta auzo txiroenetako bizi baldintzak hobetuz eta, azkenik, nola konpondu den indarkeriaren arazoa eta egindako minaren ordaina.

Bilboko ordezkariek Bogotara eta Medellinera egingo duten bidaia atzerrira egiten duten laugarrena da, Parisen, Belfasten eta Singapurren egon ondoren.

Bidaia horien helburua da "gure hiria eta gure proiektuak ezagutaraztea, nazioarte mailako mapan jartzea uri erakargarri legez eta horrela, jarduera ekonomikoa eta lana sortuko duen inbertsioa erakartzea, eta, jakina, beste hiri batzuetatik ikastea, zer egiten duten ondo eta zer ekar dezakegun Bilbora bilbotar eta bisitari guztien ongizaterako".