Denontzako aukerak bilatzen dituen euskaltegi kanpaina
18 euskaltegien matrikulazioak ostegunean hasiko dira, trinkotasun maila anitz eskainiz
Bilbao - Euskararen normalizazioa indartzeko, eta haren erabilera suspertzeko xedearekin, Bilboko Udalak eta Euskaltegien sareak atzo aurkeztu zuten aurtengo euskaltegien kanpaina, eta, aldi berean, matrikulazioak ostegunetik aurrera eskuragarri egongo direla aurreratu zuten. Koldo Narbaizak, Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, “aurtengo kanpaina guztiz ezberdina” izango dela adierazi zuen. Izan ere, inoiz baino koloretsuagoa eta ikusgarriagoa izango da. Irailaren bukaera arte, hamar Bilbobusetan, 24 publizitate-zutabetan, bost udal erlojutan eta San Mameseko estadio barruan, zein kanpoan, hurrengo lelopea ikusi ahalko da: El euskera para todas las personas y para todos los días.
Gainera, ikasturte honetarako diru laguntzak handiagoak izango dira. “Denoi zabaltzen diegu gonbitea, eta guraso, aisialdiko monitoreek eta DSBE jasotzen dutenek, diru lagun-tzak eskuratu ahal izango dituzte euskara ikasteko”, azaldu zuen Narbaizak. Konkretuki, Udalak 164.600 euro eskainiko die normalizazioan garrantzi biderkatzailea duten kolektiboei, “honelako laguntzekin euskara ohiko tresna bilakatu nahi delako etxekoen arteko harremanetan”. Baliabide ekonomikoak 2017ko udan banatuko dira, behin ikasturtea bukatua, matrikularen ordainkiaren zati bat bueltatuz.
Bestalde, Jon Maguregik, Euskaltegien sarearen izenean, azaldu zuen denbora falta ezin dela aitzakia izan “norberaren neurrirako aukerak” baitaude. Hala, euskaltegia goizeko 7:30etatik, gaueko 22:00etara zabalik egongo da eta trinkotasun maila ezberdinak dituzten ikastaroak eskainiko dituzte. “Aukerak anitzak izango dira: astean egun pare bat, on line ikastaroak, barnetegiak, trinkotasun osoa eguneko 4 edo 5 orduekin, hiruhilabete bakarra...”. Gainera, helburua ez da zertan titulu bat ateratzea izan behar, komunikatzeko bakarrik ikasi gura dutenen-tzako aukerabidea ere baitago, “agurrak, eskerrak ematen edo dena delakoa trebatzeko”. Horretaz aparte, jakinera eman zuen Maguregik guztira 18 euskaltegi daudela Bilbon eta auzo guztiek dutela baten bat.