Bilbo ? Bandak txistu, silbote eta atabal musikarekin lagunduko ditu Elai Alai taldeak eskainiko dituen dantzak. Bizkaiko eta Gipuzkoako dantzak eskainiko dituzte batez ere. Horien artean, Gorulari dantza, Zinta dantza, Launangoa, Ezpata joku nagusia edo Markina-Xemeingo Ezpata-dantza. Gure txistulariek, Raimundo Sarriegi konposatzaile donostiarraren `Kontrapasa´ eta `Minuetoa´ bezalako musika piezak ere interpretatuko dituzte.
Elai Alai dantza eta musika talde beterano eta ezaguna izango da Bilboko Txistulari Bandak asteazken honetan eskainiko duen kontzertuko gonbidatu berezia. Elai Alai taldea 1962an sortu zen, herri ekimenari esker eta Portugaleteko tradizioari jarraiki. Harrezkero, Elai Alai elkartearen nortasuna eta itzala sendotu egin dira, bai Euskal Herrian, bai kanpoan ere, apalki baina etengabe jardun duelako Euskal Herriaren folklore eta kultura tradizional joriak berreskuratu, gorde eta zabaltzen. Nazioarteko Jaialdi eta emanaldi ugaritan aritu da gonbidatuta taldea, arrakasta handia lortuta beti, bai entzuleen artean, bai hedabideetan ere, eta entzute handiko sariak eskuratuz. Euskal herri guztietako dantzak hartzen ditu taldeak bere errepertorioan, hala nola, Bizkaiko Dantzari-dantza, Gipuzkoako Ezpata-dantza, Arabako dantzak, Nafarroako folklore aberatseko dantzak, eta baita Lapurdi, Benafarroa eta Zuberoako inauterietako konpartsak.
Bilboko Udal Txistularien Banda munduko danbolinteroen elkarte profesional bakarrenetakoa da. Gaurko Txistulari Bandak 2004ko urtarrilean ekin zion ibilbideari, eta urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Era askotako eszenatokietan eskaintzen dituzten emanaldien aniztasunagatik. Azpimarratzekoa da Bilboko Musika Bandarekin egindako mundu mailako estrenaldia, Gregory Fritz amerikarraren `Euskal Dantzak´ 2004an. Bandak bere ibilbidean baditu diska batzuk kaleratuak: 2004an `Bilboko Udal Txistulari Banda´; 2006an Alos Quartet Harizko Laukotearekin `Harizko Txistua´ izenburua zuena. 2007an `Hala ere´ musikari ospetsuen laguntzaz, hala nola, Kepa Junkera, Pello Ramírez, Joxan Goikoetxea eta Aitor Furundarena, besteak beste. 2010ean `Kantari Gabonetan´ diska Leoiako Kantika Koralarekin, 2014n `Plazan´ eta azkena, `X urte, hamaika lagun´ CD/DVDa.