BILBO. Bilbao Zerbitzuak erakundeak umeei zuzenduriko Txikigunea jarri du Erriberako merkatuan, Gabonetako azken erosketak egitea eta txikienak zaintzea uztartzea zein zaila den jakinda. Txikiguneak astelehenean ireki zituen ateak, azokako bigarren solairuaren erdialdean, eta abenduaren 31ra arte abian egongo da.
Txikigunea goizez egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara, eta asteazkenean, abenduaren 23an, eta hilaren 30ean arratsaldez ere zabalik egongo da, 17:00etatik 19:00etara, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.
Guneak puzgarri bat dauka eta gustu guztietarako hainbat lantegi eskainiko ditu (mozorroak, plastilina, eva goma, marrazkia eta abar). Gainera, Bilbao Zerbitzuak erakundeak umeei arreta eskainiko dieten hiru begiraleren laguntza izango du. Gehienez ere 24 ume egon ahal izango dira Txikigunean.
Zerbitzua doakoa da 3 eta 10 urte arteko umeak dituzten merkatuko bezeroentzat. Baldintza bakarra, umeak jasotzera joatean erosketa tiket bat erakustea izango da, Txikigunea Erriberako merkatuko bezeroentzako baino ez delako.
Horrela, Bilbao Zerbitzuak erakundeak Erriberako merkatuaren eta tokiko merkataritzaren hurbiltasuna sustatzen eta bultzatzen jarraitu nahi du, "produktu freskoak, sasoikoak, kalitatezkoak eta preziorik hoberenean eskaintzen baititu".