BILBAO. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresa Konfederazioak BilbaoDendak, Bizkaidendak, Ezkerraldenda eta Getxo Enpresa erakundeen laguntzarekin sustatzen duten Bono Denda kanpainako 5.000 bonu gehiago atera dira asteazken honetan, kontsumitzaileen eskaera handiari erantzuteko. Asteartera arte 14.453 bonu erosi dira, hau da, iazko kanpainan data honetarako saldu zena baino %40 gehiago. Kanpainak urtarrilaren 30era arte iraungo du.

Kanpainaren arduradunek adierazi duetnez, bonu gehiago aterata, kontsumitzaileen artean hauteman den eskaera handiari erantzun nahi zaio, eta, aldi berean, lurraldeko txikizkako merkataritza laguntzen jarraitu Gabonetan eta urtarrileko beherapenetan.

Horrela, aurtengo Bono Denda kanpainak "harrera itzela" izan duela nabarmendu dute, eta, atera diren 15.000 bonuetatik, 10.000 hiru egun eskasetan agortu zirela, abenduaren 11an salgai jarri zirenetik.

BBKren zerbitzu orotarako kutxazainetan erosi daitezke bonuak, edozein kreditu edo zordunketa txartel erabilita. Bonuak ateratzeko muga bat ezarri da, eta txarteleko bi bonu besterik ezin dira eskuratu. Halaber, bonuak Internet bidez ere erosi ahal dira, baina kutxazainetan jaso; helbide hauetan erosi daitezke: www.bbk.es eta www.cecobi.es.

Bono Denda erosketa bakar baterako erabili ahal da, eta, beraz, bi bonu edo gehiago ezin izango dira metatu ticket edo faktura batean, baina kontsumitzaileak dituen Bono Denda beste erosketa egin ahal izango dira.