Bilbo - Utopia hitza gailendu egiten da elkarrizketan. Egia da orain dela urte Bilboko egoera soziolinguistikoa aztertuta pentsaezina dela Kafe Antzokia bezalako eredu batek funtzionatuko zuela sinestea, baina Teo Etxaburuk tinko eutsi zion Zenbat Gara elkarteko kideekin batera asmatutako ideiari. Euskaldunen onespenaz gain, erdaldunena ere lortu zuten. Bi hamarkada beranduago, “kritikoak baina positiboak” izaten jarraitzen dutela ziurtatzen du.
Zeintzuk izan ziren Bilboko Kafe Antzokiaren hastapenak?
-Gabriel Aresti Euskaltegiaren jarraipen bat izan zen. Jabi Lauzirikarekin beti protesta hutsean ibiltzen ginen, aldarrikatzen. Bide sor-tzailean sartu ginenean txoko bat egin genuen baina gure gustu eta nahiak asetzeko, antzerkiaz, musikaz, bertsolaritzaz, dantzaz... euskaraz gozatzeko espazio bat egitea bururatu zitzaigun. Ikasleei begira, gainera, ikasitakoa praktika-tzeko toki bat behar zen. Ordura arte aukera bakarrak poteatzera ateratzea baitzen.
Zein zen euskararen egoera orduan?
-Bilbotar euskaldungoa bapeza zen, mentalki gutxituta zegoen. Herrietatik zetorren jendearentzat Bilbo euren hiriburua zen... baina ez hainbeste. Hogei urtetan aldatu da, ez nahiko genukeen beste, baina egoera beste bat da.
Euskara eta Kafe Antzokia hasieratik joan ziren eskutik helduta.
-Euskararen herri txiki bat sortzea zen helburua eta lekua zentroan izan behar zuen. Zerekin identifikatzen zuten euskara bilbotar askok? Pintada agresibo eta manifekin. Hortik atera behar zen, toki duin bat sortuz. Ateak zabaldu genizkion bilbotar eta euskal herritar guztiei. Zelan? Gustuen arabera kategoriazko kontzertuak programatuz, euskal taldeak mimatuz eta lehen mailan jarriz. Euskal mundua gai da besteei ere eskaintza egiteko. Zubi bat egin nahi izan genuen.
Asteburuetako gaueko aisian ere toki garran-tzitsua lortu zuen aretoak.
-Bai, horretan tipo berezi bat izan genuen lagun, DJ bezala eskola markatu zuena: Josetxo Anitua. Rocka eta Mikel Laboaren uztartzeko gai zen. Gure izatetik hartzen zuen, jakiteko zein presentzia izan behar genuen, goizeko lauretan zein bostetan. Euskal musika, gauez, jendeak normaltasunez parrandan entzutea lortu zuen.
Errentagarritasunak nolako garrantzia zuen zuentzako?
-Herri ekimena aldarrikatu izan dugu. Guzti horrekin koherenteak izateko ezaugarri batzuk geneuzkan. Kooperatiba bat sortu genuen, Kafe Antzokia ez baita lukro pertsonalerako egina. Lankideen arteko harremanetan motibazioa praktikara eramaten da, soldata eta lan baldin-tza duinetan. Euskaragintzan, kulturgintzan... egiten da lan; baina beti ere oreka ekonomikoa bilatuz, ez baitugu subentzionismoan sinesten.
Nortzuk izan ziren Kafe Antzokiaren bidelagun lan horretan?
-Gu irakasle soilak ginen eta hau burutzeko, Zenbat Gara elkarteaz gain, hainbat laguntza eta aportazio jaso genuen. Ezer ez genekiela genekien. Papeleoan eta hasierako formatu ematean Fernando Unzuetak lagundu zigun. Euskal musikaren oinarri ziren Ez Dok Hamairu (Benito, Laboa...), Errobi (Anje Duhalde), Hertzainak (Josu Zabala), Ruper Ordorika, Fermin eta Iñigo Muguruza... izan genituen lagun. Dantza alorrean Juan Antonio Urbeltz; bertsolaritzan Jon Sarasua, Iturriaga, Maialen, Egaña... Tipo batek bere herentzia utzi zuen, 6 milioi peseta!
Zein nolakotasun izan behar zituen aretoak?
-Egun berean hainbat ekintza egin daitezke, funtzio ezberdinak dituelako. Polifazetikoa da, aurpegiz aldatzen da hainbat aldiz. Topagune ludiko eta gastronomikoa da, baita ligatzekoa ere. Hainbat bikote sortu dira hemen eta, orain, asko bertan ezkontzen dira!
Harrera nolakoa izango zen jakin gabe eman zenioten hasiera proiektuari, zein beldur zenituzten?
-Albotik esaten zidaten zoratuta nengoela, baina ez neukan duda izpirik honek funtzionatuko zuela. Bagenekien izugarrizko beharra zegoela, agian hasieran ulertuko ez zena, baina harrituta geratu ginen erdaldunen jarrera positiboarekin. Sarritan gertatu zaigu elebakarrek kanpoko norbait dakartenean eta Bilboko toki euskaldun adierazgarri bat erakutsi nahi dietenean Kafe Antzokira ekartzen dituztela. Euskal kantariek ere identifikazio maila handi lortu zuten. Baita literatur eta dantza munduko artistek ere. Hartu-emanak emozionatzeko modukoak izan ziren. Gure herrian ikusten da jendea positibo jartzen denean zein indar positibo sortzeko gai den.