BILBO. Mugikortasunaren Aste Europarrak Bilboko Ibiltaria Saria eratu du laugarren urtez, eta aurten, Deia, El Diario Norte, El Mundo del País Vasco, Onda Cero, Europa FM, Onda Vasca, COPE, Cadena 100, Bizkaia Irratia, Radio Popular, Cadena Dial, M80, 40 Principales, Radio Bilbao, Radio Nervión eta Telebilbao hedabideetako entzule eta irakurleek Gorabide elkarteko erabiltzaileak aukeratu dituzte.

Ibiltariaren Sariak Bilbo atseginago, bizigarriago eta jasangarriago bihurtzen laguntzen duten pertsonen zeregina aitortzen du, eta irabazlea jendeak aukeratzen du Mugikortasunaren Aste Europarraren elkarlanean diharduten komunikabideen atalen eta programen bidezko bozketetan.

Gorabide irabazi asmorik gabeko elkartea da, Bizkaian adimen urritasuna dutenei laguntzen diena, euren eta senideen bizimoduaren kalitatea hobetzeko eta euren eskubideen alde jokatzeko. 1962az geroztik, banako zerbitzuak eskaintzen ditu, kalitatezkoak eta berotasunezkoak, adimen urritasuna dutenentzat. Gizarteratze lanean ere jarduten du, adimen urritasuna dutenen, euren senideen, profesionalen, boluntarioen eta erakunde publikoen eta pribatuen lana uztartuta.

Ardura publikoko sistema soziala Euskadin finkatzeko lagungarri diren zerbitzuak sortuz joan da elkartea: egoitzak, etxebizitzak, menpetasun barik bizitzeko laguntzak, aldi baterako egonaldiak, eguneko zentroak, familien arnasaldirako programak eta abar. Era berean, Lantegi Batuak eta Futubide sortzen hartu zuen parte, adimen urritasuna dutenak laneratzeko eta babesten laguntzeko, hurrenez hurren.

Alabaina, sarirako hautagai izatean, elkarteak duen asmoa adimen urritasuna duten pertsonak agerraraztea denez, saria bere erabiltzaileentzat eskatu dute elkarteko arduradunek, elkartearentzat berarentzat baino.