BILBO. Gabriel Aresti Euskaltegiko ikasleak World Café formatuaz baliatuko dira jaien inguruan eztabaidatzeko: zergatik ospatzen diren jaiak, nola hartzen dugun parte, nolakoak izatea gustatuko litzaigukeen, eta zein jaia mota dauden, besteak beste.
Kafe Antzokiko arduradunek adierazi dutenez, elkarrizketa eta gizarte ikasketarako sare informalak sortzea ahalbidetzen duen metodologia da World Café-a, erakunde edo komunitate baten garrantzizko kontuen inguruko esperientziak pertsona ugarien artean komunikatzea eta trukatzea laguntzen duena.
Horrela, World Café metodologiaren barnean, elkarrizketa txandak finkatzen dira eta jendea mahaitik mahaira aldatzen da. Mahai batean mamitzen diren elkarrizketek osotasunaren eredu bat islatzen dute, beste mahaietan ere elkarrizketak lotzen dituena. Bukatzeko, elkarrizketetan esandakoa guztien artean komentatu ohi da.
Aste honetako Kafe Solasa bi txandatan egingo da, goizez eta arratsaldez. Modu honetan, 10:30ean edo 17:30ean parte hartu ahal izango du Kafe Antzokira gerturatzen den orok.