BILBO. Ekimenaren bidez, ikasleen garraioa zein baldintzatan egiten den aztertu eta Bilboko Udalak baimendutako ibilbideak eta geralekuak egokiak direla ziurtatu nahi da. Era berean, eskola garraioan ari diren ibilgailuak zorrotz kontrolatu nahi dira.
Horretarako, Udaltzaingoak bi azterketa mota egingo ditu kanpainak irauten duen egunetan. Lehenengoan administrazio arloko kontrola egingo du, alegia, ibilgailuen eta gidarien baimenak eta agiriak (gidabaimena eta alkoholemia proba, besteak beste) eskatuko dituzte, eta bigarrenean, arreta berezia jarriko zaie zerbitzua ematen duten autobusen ezaugarriei, eskola umeen segurtasuna bermatze aldera. Udaltzainek arau hausteren bat egin dela ikusten badute, salaketa jarriko dute.
Era berean, kontrolak egiten dituzten udaltzainek ziurtatuko dute eskola garraioan dabiltzan autobusek Bilbon egiten dituzten ibilbideak eta geralekuak Udalak baimendutakoak direla.
Lortzen dituen datuekin, Bilboko Udaltzaingoko Trafikoko Atalak taulak egingo ditu, estatistikak osatzeko, eta horretarako, aldez aurretik ezarritako adierazle jakin batzuetara egokituko dira.
Bilboko Udaltzaingoak joan den urteko martxoan eta azaroan egindako kanpainetan ez zien salaketarik jarri ikuskatutako autoei. Datu hau, orokorrean, hirian eskola garraioan darabilten ibilgailuen egoera onaren seinale da, Bilboko Udalak nabarmendu duenez.