Bilbo - Aurtengo urtea berezitzat hartu du Salbatzaile dantza taldeak, izan ere Castaños auzoko funikularrak bere ehungarren urteurrena ospatuko du. Hori dela eta, asteburu honetan ospakizun berezia biziko dute, ekitaldiz gainezka datorren programarekin. Jardunaldi garrantzitsuena bihar egingo duten Behenafarroako Inauterien emanaldia izango da. Guztira 150 pertsona baino gehiagok osatutako antzezpena eskainiko baita Bonifazio Kultur Elkartearen, Bilboko Udalaren, Inneventoren eta Thateren laguntzarekin.
“Urtero toki ezberdin bateko Inauteriak ospatzen ditugu. Entseatzeko lokalarekin arazo ba-tzuk izan ostean, iaz berriz hasi ginen Lapurdiko Inauteriekin, aurtengoan Behenafarroakoak izango dira eta hurrengo urtean Zuberoakoak. Zirkuitu antzeko bat dugu eta txandakatu egiten ditugu tokiak”, adierazten du Gontzal Lópezek, dantza taldearen arduradunak eta 1991ean hasi zen ekimenaren sustatzaileak.
Antzezpenean 10 eta 60 bitarteko 130 bat dantzarik parte hartuko dute dozena bat musikarirekin batera. Dantzarien artean, batzuk astero biltzen dira, beste batzuk Inauterietarako bakarrik hurbiltzen diren dantzari ohiak dira eta ikastaroetan parte hartzen duten hasiberriak ere badaude. “Oso polita da mundu guztiak jartzen duen ilusioa eta baita gazteek nagusiei eta eskarmentu gutxiko pertsonei laguntzen dietela ikustea denok parte hartu ahal izateko”, irizten du.
Asteburu osoan zehar ekitaldiak egongo diren arren, garrantzitsuena biharko kalejira izango da. “Eguerdiko hamabietan hasiko da desfilearekin, auzoko toki ezberdinetan egingo dugu dantza eta, azkenik, Funikularreko Plazan dagoen karpan dantzatuko dugu, ordu batak eta erdiak aldera”, dio Lópezek. Haren esanetan, Behenafarroako Inauteriak bereziak dira proposa-tzen dituen jarraigo eta dantzengatik, baina baita pertsonaien aniztasuna dela eta: “zaldiak, erraldoiak, makilariak, bandelariak...”.
“Zerbait berezia egin nahi izan dugu aurten, funikularrak ehun urte betetzen dituenez gero. Horregatik, lehen aldiz, karpa bat jarri dugu eta Thate urdaitegi ospetsuaren produktuak dastatzeko aukera egongo da bertan antolatuta dagoen txosnan. Euskal Oktoberfest antzeko bat egitea bururatu zi-tzaigun, Alemaniarekin senidetzea eginez”, azaltzen du Salbatzaile taldearen arduradunak.