BILBO. Jarduera horiekin, kirola sustatzearen alde duen konpromisoa berretsi du Udalak, kirola praktikatzeko egokiak diren instalazioak atonduz. Hala, Bilbao Kirolak erakundearen menpeko futbol-zelai gehienak, Esperantza kaleko eta Otxarkoagako frontoiak eta Deustuko Arraun Elkarteko pabilioia erabiltzeko moduan daude.
Zehazki, Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak joan den urtean hainbat kiroldegitan egindako hobekuntza lanak gaur egungo hamar udal futbol-zelaietatik bederatzitan egin dira. Egindako gastuaren arabera, jarduera nagusia Errekaldeko futbol-zelaiaren erabateko zaharberritzea izan da, belardi artifiziala instalatu baita. Obra hauen truk, 148.884,80 euro ordaindu dira.
Bestalde, Mallonako futbol-zelaian 68.439,81 euroko zenbatekoa gastatu da, zenbait hobekuntza-jardueretan. Halaber, Artxandako futbol-zelaiaren instalazioak hobetu dira, eraikin nagusiko aldagelak egokituz eta zelaiaren kanpo-itxitura konponduz, drainadura hobetuz eta futbol-zelairako pasabidea berdinduz; lan guztien zenbateko osoa 54.886,30 eurokoa izan da.
Era berean, Txurdinagan, Ibarsusiko B futbol-zelaian harmaila berria instalatu da, kirol instalazio honetan 46.646,80 euroko prezioan egindako jarduerei esker, perimetroko itxitura hobetuz, ezpondak eta lorategiak garbituz, ateak ordeztuz aldagela eta biltegietan, eta zorrotenak, erretenak eta sare-tentsoreak konponduz.
Basurtun Iparraldeko futbol-zelaiako harmailetako eskailerak eta korridorea iragazgaizteko lanak osatu dira, honen atzealdea itxiz, eraikinaren instalazio elektrikoa eta zelaia ixteko sareak hobetuz, 1. Aldagelako eta Garbitegiko sabai izunak konponduz, eta azken honetako aireztatze-sistema berrituz. Guztizko zenbatekoa 33.989,69 eurokoa izan da.
Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak kanpoko kirol instalazioak hobetzeko egindako lanen barruan, San Ignazioko futbol-zelaian 24.797,40 euro gastatu ditu tribunaren atzealdea itxi, aldageletako ateak berritu eta emakumezkoen aldagelak goitik behera berregiteko.
Iturrigorriko Roseta futbol-zelaian ere zenbait jarduera egin dira, besteak beste, baloietatik babesteko sare altuagoak jartzea, aulkien estaldura eraberritzea, zelaiaren alboetako zintarriak kentzea eta estalkia, sabai izuna eta saneamenduko sistema konpondu eta hobetzea. Kasu honetan, guztizko kostua 17.185,47 eurokoa izan da.
Azkenik, Zorrotzako eta Aitxarteko futbol-zelaietan garrantzi txikiagoko beste jarduera batzuk burutu dira, 7.176,34 euro gastatuz Zorrotzan, eta 3.262,57 euro Abusun.
FRONTOIAK
Bestalde, Bilbao Kirolak erakundearen menpeko kanpoaldeko kiroldegiak hobetzeko lanen barruan, Esperantza kaleko eta Otxarkoagako frontoietan jarduerak egin dira. Horrela, lehenengoan 22.623,08 euro gastatu dira, eta bigarrenean 10.102,54 euro.
Esperantza kaleko frontoian erdiko argizulo berria ipini da eta kiroldegira sartzeko arrapala eta harmailetako baranda hobetu dira, eta Otxarkoagakoan, berriz, estaldura konpondu da, segurtasun-sokak jarrita.
Azkenik, Bilboko Udalaren Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak 29.390,25 euro bideratu ditu Deustuko Arraun Elkartearen pabilioia konpondu eta hobetzeko, hurrengo jarduerak barne: fatxaden eta ateen saneamendua; leiho lerragarriak jartzea; sabai aizuna ordezkatzea gimnasioan; dsutxetan saneamenduko sarea konpontzea; eta gimnasioko erretena ixtea.