bilbo. Olentzeroren opariaren zain daude etxe guztietako txikienak. Ez dute asko itxaron behar, gaur arratsaldean izango dute ikazkina Bilboko kaleetatik, baina bere neska-laguna, Mari Domingi, atzo hurbildu zen hirira haur guztiei "ilusioa banatzeko prest", Olentzerok azken opariak prestatzen zebilen bitartean.

Zer moduz mendialdean? Gogoak zenituen hirira jaisteko?

Bai, gogoak nituen Bilbora etor-tzeko. Urte osoan egoten gara mendian, lan eta lan, eta hirira etortzea ilusioa egiten dit.

Gainera, hotz handia izango duzue mendian...

Bai, hala da, hotz handia egiten du mendian, baina sutondoa daukagu eta gainera Olentzeroren ondoan jartzen naiz berotzeko.

Bilboko haurrekin egon zinen atzo arratsaldean, zer esan zenien?

Nire mezua oso argia izan zen, umeei ilusioa inoiz ez galtzea eskatu nien. Jada dena prest daukagu gau magikorako eta irrikaz gaude herri eta hiri guztietara jaisteko, poztasuna eta ilusioa banatzeko.

Baina Olentzero ez zen zurekin egon atzo. Lanpetuta dago?

Oso lanpeturik dago. Jostailu guztiak margotzen eta azken ukituak ematen ari da, larunbatean dena ongi ateratzeko. Beraz, ez du aukerarik izan gaur (atzogatik) etortzeko. Nik nire lana bukatu dut, eta horregatik etorri naiz lehenago. Olentzero, berriz, askoz alferragoa da eta beti azken momentuan dabil gauzak prestatzen.

Nola portatu dira haurrak aurten?

Nahiko ongi portatu dira, ez naiz kexatzen. Oso txintxoak izan dira bere gurasoekin. Beti bezala, batzuk besteek baino hobe jardun dute. Baina umeak dira eta ulertu behar ditugu ere.

Beraz, aurten ikatz gutxiago banatuko du Olentzerok?

Ikatza beti banatzen dugu eta gainera oso goxoa da, umeei ere gustatzen zaie ikatz puska bat izatea. Denetarik egon behar da, alde batetik, opariak, eta, bestalde, ikatz apur bat banatzea ez dago batere gaizki. Ikatzak ere umeei txintxoak izan behar direla gogorarazten die.

Olentzeroren zakua txikiagoa izanen da, krisia dela eta?

Urtero zakua apur bat txikitzen dugu, izan ere, ume asko daude eta beraz, guztien artean banatu behar ditugu opariak. Gainera, pentsatu behar dugu ere aukerarik ez duten haurrengan.

Noizko Mari Domingi txikia edo Olentzero txikia?

Ba... agian datorren urterako. Mari Domingi txiki bat izatea gustatuko litzaidake hurrengo urtera begira, Olentzerori eskatuko diot.

Azkenean, zuek urte mordoa daramatzazue lanean eta norbaitek hartu beharko du lekukoa.

Oraindik sasoi onean gaude Olen-tzero eta biok, baina bai, horretan hasi beharko gara pentsatzen. Egia esan, nik Olentzerok baino energia gehiago dut.