DENBORALDI hasiera txarra alde batera itxi eta zulotik urten gurean dabil Ernesto Valverderen taldea. Jakina, ez da erreza izango bide onera itzultzea. Ekaitzaren ostean barealdia dator, bai, baina itsasoa ez da baretzen egun batetik bestera. Haizea apurka apurka doa indarra galtzen. Gaixoaren tratamentuak be, egunak behar ditu ondorioak ikusten hasteko. Antzeko zer edo zer jazoten jako Athleticeri. Bate Borisov eta Real Madrilen auka hondoa jo ostean, zuri-gorriek bere onera itzultzeko bideari ekin deutsoe. Ez da egun edo partidu bateko kontua izango. Pazientzia eduki behar dogu. Ez dago besterik.
Hiru puntuak eskuratzea zan helburu nagusia Celtaren aurkako partiduan. Horregaz batera, azken partiduetako itxura negargarria alde batera itxi eta aurreko urteko sentsazio onak berreskuratzea. Azkenean, zapore gazi-gozoa itxi eban Celtaren aurkako norgehiagokak. Izan be, taldeak ezin izan eban garaipena eskuratu, baina tarteka joko ona eta sentsazio positiboak berreskuratu ebazan.
Gauzak ezin hobeto hasi ziren zuri-gorrientzat bosgarren minuturako aurretik jarri ziren-eta markagailuan. Hori gitxi balitz, Valverderen gizonak jaun ta jabe ziren zelaian eta min handia egiten eben aurkariaren atzealdean, eskuineko hegaletik batez be. De Marcosek aberastu egin eban zuri-gorrien jokoa eta Iraolak eta Susaetak sasoi bateko sintonia berreskuratu eben. San Mamesen batu ginanok gozatu egin genduan gure taldearen jokoagaz. Amets gaiztoa iraganeko kontua zela emoten eban. Zuri-gorriek, baina, ez eben partidua zarratu. Bizirik itxi eben aurkaria, beste gol bat edo bi sartzeko izandako aukerak alperrik galduta. Lehen zatiko azken ordu laurdenean ikusitakoak garbi itxi euskun Celta bizirik egoala. Bigarren zatiaren hasieran be, Athleticek indartsu urten eban eta bigarren gola sartzeko zorian egon zan. Zoritxarrez, Aduriz, De Marcos eta enparauak ez ziran fin ibili Sergioren ate aurrean. Azpimarratzekoa da Athleticek bost gol baino ez dauela sartu Liga txapelketan jokatu dituen zortzi partiduetan. Holakoetan sarri gertatzen dan lez, gehiegi parkatu izanak ordaina ekarten dau eta Celtak bardinketaren gola sartu eban partidu osoan euki eban aukera apurrenetako baten. Iraganeko mamuak agertu jakozan taldeari bigarren zatian. Kontuak kontu, Athleticek sailkapeneko zuloan jarraitzen dau bost puntu lortuta zortzi jardunalditan. Edozelan be, entrenatzaileak eta jokalariek partidua amaitu ostean egindako adierazpenak entzun eta aztertu ondoren, Celtaren aurkako partiduan Athleticek aurrerapausua emon dauela esango neuke. Txikia, bai, baina aurrerantz. Aurreko denporaldian laugarren postua eskuratu eban taldea ikusi genduan zapatuan San Mamesen. Zuri-gorriei ez jake ahaztu futbolean jokatzen. Dana dala, esan beharrik ez dago, bide luzea daukiela egiteko. Jokalari batzuren errendimendua makala da hondino. Ernesto Valverderen taldeak aukera polita dauka gaur, errekuperatzeko bidean dagoala erakusteko. Portoren aurkako partidua oso erakargarria da eta une aproposa izan daiteke ukabilkada bat emoteko mahai ganean. Multzoko lehen postuan dago Julen Lopetegiren taldea, Bate Borisov jipoitu eta Ukrainian puntu bat eskuratu ostean. Athleticeko jokalariak erabat motibauta ikusi dodaz gaurko partidurako. Hasteko, Txapeldunen Ligan aurrera egiteko aukerak dagoz jokoan. Ez da gitxi. Baina horren ganetik, burua ur azalera atara gura dauen taldearen duintasuna dago jokoan. Ez dakit zer egingo dauen gaur Athleticen Porton, baina seguru nago taldeak ez dauela zerikusirik izango aurreko jardunaldian Bielorrusian galdu ebanagaz. Ganera, Valverde eta bere mutilak ez dira bakarrik egongo Porton. Milaka Athletic zale abiatu dira Portugalerantz lehoiei laguntzeko asmoagaz. Arratsalde polita izan daiteke gaurkoa.