Síguenos en redes sociales:

Bilboko Adinak Biziz proiektuak mila erabiltzaile baino gehiago izan ditu 2022ko azaroan abiarazi zenetik

Aisialdi egokitu eta inklusiboko ekimen honen helburua da adinekoen autonomia pertsonala eta integrazioa sustatzea

Bilboko Adinak Biziz proiektuak mila erabiltzaile baino gehiago izan ditu 2022ko azaroan abiarazi zenetikB.U.

Adinak Biziz proiektuak mila erabiltzaile baino gehiago izan ditu zerbitzua 2022ko azaroan abiarazi zenetik. Bilboko Udalak sustatzen du, eta Bizkaiko Gurutze Gorriak dinamizatzen. Bertan, bizikleta-ibilbide batzuk proposatzen dira hiriko leku batzuetatik abiaturik. Orobat, aisialdiko eta denbora libreko zenbait jarduera ere proposatzen ditu, taldean eta bizikletaz egiteko: bisita gidatuak, kultura-ibilbideak edo museo-bisitak.

Aisialdi egokitu eta inklusiboko ekimen honen helburua da adinekoen autonomia pertsonala eta integrazioa sustatzea, kolektibo horrek eguneroko bizitzako jardueretan aktiboki eta normaltasunez parte hartzea ahalbidetzen duten jardueren bidez. Joan den abendutik, zerbitzua mugikortasun murriztua eta desgaitasuna duten pertsonei ere zabaldu zaie.

2024an, 598 pertsonak erabili zuten zerbitzua, eta, haietatik, 416 emakumeak izan ziren. Adin-taldeei dagokienez, 81 eta 95 urte bitarteko pertsonek parte hartu zuten gehien jardueran: 315 pertsona, guztira.

Zerbitzua martitzenetik barikura bitarteko goizetan eta astelehenetik eguenerako arratsaldeetan dago martxan, eta 58 boluntarioz osatutako talde bati esker funtzionatzen du.

Iaz ezohiko irteerak egin ziren, hala nola gabarra-egunean, museoen nazioarteko egunean itsas museoa bisitatzeko, yoga saio bat Casilda Parkean, Bilboko jaietan, Adinekoen Egunean, etab., eta erabiltzaileek oso positiboki baloratu dituzte irteera horiek.

IBILBIDE, JARDUERA ETA LANKIDETZA BERRIAK

Bilboko Udalak ibilbide berriak jarri nahi ditu Adinak Biziz proiektua San Ignaziora, Abandora, Basurtura, Iralara, Miribillara, Atxurira eta Abusura eramateko.

Halaber, ezohiko irteera berriak ere proposatuko dira, dagoeneko egindakoez gain, hala nola Bilbao-Bilbao Nazioarteko Martxa Zikloturistan, Mugikortasunaren Astean eta Adinekoen Nazioarteko Egunean.

Bestalde, hirugarren sektoreko zenbait erakundek, batez ere desgaitasunaren eremukoek, bat egin dute Adinak Biziz proiektuarekin, eta erakundeotako erabiltzaileek ekimenean parte hartuko dute. Hori posible izaten ari da erakunde horiekin lotutako boluntario berrien inplikazioari esker.

Horrez gain, nahi duenak zerbitzuak modu indibidualizatuan erabiltzea eska dezake, ezarritako ibilbideak zerbitzua behar duten senide eta hurbilekoekin egiteko.