Bizkaiko Foru Aldundiak aurten ere «Ibilbide historikoak» programa abiarazi du. 'Ibilbide Historikoak' bisita gidatuen programak ibilbide hauek proposatzen ditu: Ibilbide arkeologikoak Urdaibaiko aztarnategietan, burdinoletako bideak Lea eta Barbadun ibaietan eta Bizkaiko Zin-bidea. Guztira 8 plan dira, ekainetik irailera bitartekoak, Bizkaiko leku ezezagunak, normalean bisitatu ezin diren leku paregabeak eta bereziak ezagutzeko.

Foru-erakundearen kultura, historia eta turismo arloko proposamen horrek aukera ematen du Bizkaiko historia sakon ezagutzeko, lurralde horretako interes historiko handiko lekuetara bisita gidatuak egiteko programa berezi baten bidez. Normalean bisitatu ezin diren aztarnategi arkeologikoak ezagutu eta ondarera hurbiltzeko aukera eskainiko da, ekainetik irailera bitartean. Ondarearen elementu horietako batzuk ezagunak dira, beste batzuk duela gutxi aurkitu dituzte, eta bisita batzuk errealitate birtualaren bidez egiten dira.

Hamahirugarren edizio honetan, ibilbideak tren turistikoan nahiz oinez egin ahal izango dira, naturaz, paisaiaz, ondareaz eta historiaz gozatu bitartean; horretaz gain, mendi-ibiliak egiteko aukera eskainiko da, bai eta martxan dauden ikerketa eta indusketen berritasun interesgarriak ezagutzeko ere. Ibilbideetan izena emateko epea irekita dago. Ibilbide historikoetako bisita guztiak kontsultatzeko, jo ezazu www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunera, deitu 688.856.689 telefono zenbakira edo bidali mezu bat ibilbideak@bizkaia.eus posta elektronikora.

Ibilbide Historikoak programaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz ere, aukera eman nahi dio jendeari udako hilabeteetan Bizkaiko ondarearen altxor nagusiak eta haien natura- eta paisaia-ingurune paregabea eta harrigarria ezagutzeko. Bisita gidatuek Euskal Herria Museoaren, El Pobal Burdinolaren eta Arkeologia Museoaren aholkularitza dute, bai eta Bizkaiko historiako monumentu paregabe horien indusketan, ikerketan eta kontserbazioan parte hartu duten profesionalen aholkularitza ere.